Zarauzko euskarazko eta doako herri aldizkaria, «Txaparro», itxiko dute
«Txaparro» Zarauzko herri aldizkaria, euskarazkoa eta doakoa, ixteko erabakia hartu behar izan dute, aurrera egiteko dirurik ez dagoelako, eta azken alea aterako dute. Halere, Txaparro Kultur Elkarteak aurrera jarraituko du eta aldizkariaren itxiera behin betiko ez izatea espero dute.
GARA | ZARAUTZ
Zarauzko «Txaparro» herri aldizkaria, doakoa eta euskarazkoa, ixteko erabakia hartu behar izan dute, ez baitute aurrera jarraitzeko dirurik. Komunikazio proiektu horretako ordezkariek larunbatean egin zuten agerraldia Zarauzko udaletxe aurrean. Urteotan aldizkarian parte hartu duten langile, kolaboratzaile zein harpidedunak bertaratu ziren eta herritarren babesa jaso zuten.
2001eko irailean sortu zen aldizkaria, eta, langileek gogora ekarri zutenez, euren txikitasunean berri pozgarria izan zen. «Geroztik, ehun zenbakitik gora egin ditugu, 125. alea prestatzen ari gara orain, hain zuzen, baina agur esateko garaia iritsi zaigu», adierazi zuten. Zarauzko kontuak herritarrei euskaraz hurbiltzea izan dute helburu. Euskaraz eta doan, eta horretarako ezinbestekoa izan dute erakunde publikoen laguntza. «Orain arte Zarauzko Udalaren laguntza ezinbesteko izan dugu, baina azken bost urteetan laguntza hori murrizten joan da eta erabaki larri hau hartu behar izan dugu», azaldu zuten. Sinistuta daude, hala ere, ezer ez dela betiko izaten. «Euskarazko hedabideak nahi eta behar ditugu», baieztatu zuten.
«Aldizkaria bukatutzat ematen dugu oraingoz, baina Txaparro Kultur Elkarteak aurrera jarraituko du. Horri bultzada ematea da orain gure helburua. Oraindik ere asko daukagu herriari eskaintzeko eta euskararen aldeko apustu hori ez dugu bertan behera lagako. Ateak irekita ditugu, eta herritarrei gonbita egiten diegu: proposamenik balego, badakizue non gauden» esanda bukatu zuten.
«Zarauzko Udalaren laguntza ezinbestekoa izan dugu, baina azken urteetan laguntza hori murrizten joan da eta erabaki larri hau hartu behar izan dugu. Sinistuta gaude, hala ere, ezer ez dela betiko izaten».