GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Ipar Euskal Herriko euskarazko irratiek webgune berria estreinatu dute

GARA | URRUÑA

Euskal Irratiak Ipar Euskal Herriko irrati euskaldunen federazioak webgune berria estreinatu du. Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratia biltzen dituen federazioak emankizunak entzuteko aukera emanen du bere webgunean, eta programazioari buruzko azken berriak ere jarriko ditu Twiter sarean.

Euskararen eta euskal kulturaren garapena bultzatzea dute xede Euskal Irratiak taldekoek, irratiei behar dituzten bitarteko guztiak eskainiz. Euskal irratien arteko ekoizpena antolatu, koordinatu eta hedapena ziurtatu nahi dute, publikoari eskaintzen dizkioten zerbitzuak hobetzeko. Baita irrati elkarteen ordezkaritza eta defentsa ere, bertako eta nazioko agintarien aitzinean.

1999tik lanean

Elkarteko kide diren irratiek behar dituzten diru-laguntzak botere publikoekin negoziatzeaz eta gero lortutakoa denen artean banatzeaz arduratzen dira. Animazioa antolatzen dute, beharrezko bitartekoak eskainiz. Eta kideen arteko harremana errazten ahalegintzen dira, arlo sozialean zein ekonomikoan.

Euskal Irratiak federazioa 1999an sortu zen. Hor biltzen dira, Nafarroa Behereko Irulegiko Irratia, Zuberoako Xiberoko Botza, geroago sortu zen Hendaia eskualdeko Antxeta Irratia, eta Gure Irratia ere. Programazioaren zati handiena lau irratien artean kudeatzen dute, eta ordu batzuk dituzte irrati bakoitza bere aldetik aritzeko.

Gure Irratia 1981. urtean sortu zen Milafrangako etxe batean, eta gaur egun zortzi langile ditu lanaldi osoz urte osoan. Horiez gain, laguntzaile sare zabala du. 1982. urtean, Estatu frantsesean irrati libreak sortzeko baimena eman zelarik, lagun talde bat elkartu zen Zuberoan euskarazko irrati bat sortzeko, eta horrela jaio zen Xiberoko Botza. Dominika Rekalt, Xan Alkht, Laurent Etxegoin, Maite Lephaille eta Joanes Etxebarria dira bertako kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo