GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Areto-futbolean dabiltzan neskak aurrera egin ahal izateko arreta eta laguntza eske

Emakumezkoen areto-futbolak garai zaila bizi du. Egun, Ohorezko Mailan ez dago euskal talderik, nahiz eta balitekeen hori aurten bertan aldatzea. Hala ere, egoera beltz ikusten dute horretan diharduten emakumeek, eta laguntza eta arreta eskatzen dute aurrera egin ahal izateko.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Emakumezkoen areto-futbola Euskal Herrian ez dago kanpaiak jotzeko moduan. Ohorezko Mailan ez dago talde bakar bat ere, eta Zilarrezkoan, berriz, sei daude, baina egoera ez da onegia. Laguntza eta arreta gehiago eskatzen dute, gainerakoan kirol hau desagertzeko arriskua ikusten dute, bai behintzat emakumezkoen mailan.

Orvina eta Txantrea (Nafarroa), Arabako Unibertsitatea eta Viajes Bidasoa (Araba), Ordizia (Gipuzkoa) eta Bilbo (Bizkaia) dira Zilarrezko Mailan dabiltzan euskal taldeak. Lau multzotan banatzen da Zilarrezko Maila, eta euskaldunak Iparraldeko multzoan daude, galiziarrekin, kantabriarrekin, asturiarrekin eta errioxarrekin batera.

Une honetan, Orvina da sailkapeneko buru, eta Bilbo bigarren. Ordizia sailkapenaren erdialdean dago Viajes Bidasoarekin batera. Arabako Unibertsitateak, berriz, ia maila galduta dauka, eta Txantrea mailari eusteko borrokan ari da.

Hemendik aurrera, eta igoerari dagokionez, zer gertatuko den ez dago oso garbi. Ziurra da lehen biek igoera fasea jokatuko dutela, beste hiru multzoetako lehen bi sailkatuekin batera. Gero, ez dakite lehen kanporaketa gainditzen duten lau horiek, Ohorezko Mailako azken lauekin kanporaketak jokatu beharko dituzten, edo lau horietatik hiru onenak zuzenean igo eta laugarrenak Ohorezko Mailako azken-laugarren sailkatzen denarekin kanporaketa jokatuko duen, baina badirudi azken hau gertatuko dela, nahiz eta ez dagoen erabat garbi.

Gauzak dauden bezala, gauzak asko okertu beharko lirateke Orvina eta Bilbo igoera fasetik kanpo geratzeko. Nafarrak dira sailkapeneko lehenak, baina bizkaitarrak bi partida gutxiago dituzte jokatuta. Alde txarrari begiratuta, Arabako Unibertsitateak etorkizun beltza dauka, 3 puntu besterik ez baititu, eta garbi dago maila galduko dutela denboraldiaren amaieran.

Taldeen egunerokoa, ordea, ez da erraza. Laguntza gutxi dutela onartzen dute guztiek, eta babesa eskatzen dute. Orokorrean emakumezkoen kirolak oso laguntza gutxi izaten du, baina kirol honetan are eta gutxiago du, eta horretaz kexatzen dira talde guztiak. Bizitzeko, beharrezkoa duten babes hori falta zaie.

«Gipuzkoako nesken areto-futbola ia hilda dago. Ez dago ez laguntzarik ez babesik, eta dirua lortzeko komeriak egin behar dira. Guk eusten diogu, eta horretan saiatuko gara, baina ez da erraza», esan du Emilio Ortizek, Ordizia taldeko arduradunetako batek. Gipuzkoak izan ditu egoera hobeak. Sanpedrotarra Ohorezko Mailako onenetakoa izan zen, baita Hegoalde ere, baina diru laguntza eskasak zirela-eta, desagertu egin ziren. Bi talde ere izan zituen Gipuzkoak maila nagusian Hegoalderekin eta Goierrirekin, baina horiek aspaldiko kontuak dira.

Dirua lortzeko ere arazo asko izaten dituzte: «Iaz igoera fasea jokatzeko diruaren parte bat geure poltsikotik jarri behar izan genuen. Oso jende gutxik egiten digu kasu. Tristea da, baina egoera honelakoa da», dio Emilio Ortizek Ordiziako arduradunetako batek. Taldearen etorkizunaren inguruan nahiko baikor dago. «Saiatuko gara taldea indartzen, eta daukagunari eusten», adierazi du Emiliok.

Gipuzkoako etorkizuna oso beltza ikusten du, ordea: «Oso beltza. Laguntzaren bat heltzen ez bada, oso zaila da, baina mutilena ere ez da oparoa. Herrialde honetan kirol honek ez du lortu itsastea, eta geroa ez da batere erraza izango», onartu zuen.

Araba

Arabak bi ordezkari ditu Zilarrezko Mailan; Viajes Bidasoa eta Arabako Unibertsitatea, baina etorkizuna ez dute baikortasunez ikusten. Datorren urtean lehenengoak bakarrik izango dira maila honetan, besteek mirari bat beharko bailukete mailari eusteko.

«Emakumezkoen areto-futbola Araban gaizki dago. Uste dut gainerakoen egoera bera dugula hemen ere. Laguntza gutxi daude, gutxi laguntzen zaio emakumezkoen kirolari, eta horrela zaila da aurrera egitea», azaldu du Luis Antonio Ruiz de Gaunak, Viajes Bidasoako arduradunetako batek.

Hala ere, Luis Antoniok beste arazo bat ere ikusten du: «Talde guztiok ditugu diru arazoak, baina hor geure egoera ez da txarra. Viajes Bidasoak asko laguntzen digu, eta horrekin oso gustura gaude, baina askotan nesketan zaila da aurrera egitea. Taldea osatzeko arazo asko izan ditugu, eta bederatzi jokalari besterik ez ditugu, beraz, doi-doi osatu ahal izan dugu taldea. Gainera, atezaina Logroñotik ekarri behar izan dugu. Akta bat osatzeko zortzi lagun behar dira, bestela isuna izaten da. Bederatzi laguneko plantilla, ordea oso txikia da. Azken partidara sei bakarrik joan ginen, eta isuna ordaindu behar izan genuen», kontatu du.

«Eta hori dena bigarren talde bat izanda. Beraei esan genien lehen taldera igotzeko, eta ezezkoa jaso genuen, beren lagunekin jarraitu nahi zutelako. Horretarako alferrik dugu bigarren taldea, eta kendu egingo dugu. Neskekin askotan hori gertatzen da, lagunekin jokatu nahi dutela, mailari gehiegi begiratu gabe. Kanpotik ere jokalari gehiago ekartzen ahalegindu gara, baina erantzuna berdina izan da. Beraz, laguntza gehiago behar da, horretan dudarik ez egin, bestela ez dago aurrera egiterik, baina nesken inplikazio handiagoa ere behar da, bestela ez dagoelako aurrera egiterik», gaineratu du Ruiz de Gaunak.

Taldearekin zer gertatuko den ez daki: «Ez dakigu. Garbi dago plantilla handiagoa behar dugula. Kirol honek asko eskatzen du, eta aulkian jende asko behar duzu. Nahiz eta jokalari onak izan, ordezkorik ez badago, aurkariari abantaila ematen ari zara. Aurtengoa ikusita, esan diegu bigarren taldekoei beste talde bat bilatzeko, eta lehenengoarekin ikusiko dugu. Helburu bat behar da», dio Ruiz de Gaunak.

Arabako nesken areto-futbolak duen etorkizuna ere ez da oso itxaropentsua: «Hau desagertu egingo da norbaitek erremediorik jartzen ez badu. Gure enpresak apustu on bat egin du, baina zaila da honelakoak ikustea. Komunikabideek ere ez diete arretarik jartzen, eta honela zaila da babesleak bilatzea, azken batean, inon agertzen ez bazara, zaila da egoera dagoen bezala norbaitek dirua jartzea», onartu du Luis Antoniok.

Herrialdeko beste taldearen egoera, Arabako Unibertsitatearena, ez da hobea, jadanik Liga erdia jokatu denean, mailari eusteko mirari bat baino gehiago beharko baitu.

Komeriak

Bizkaian ere gauzak ez daude askoz hobeto. Bilbo bakarrik dago Zilarrezko Mailan, baina hortik behera gauzak oker doazela dio Imanol Armentiak, taldeko ordezkariak: «Zilarrezko Mailatik behera alde handia dago. Emakumezkoen areto-futbola Bizkaian ere ez da ona. Garbi daukagu guk ere igotzea lortuz gero, kanpotik ekarri beharko ditugula jokalariak».

Bilboren egoera ere ez da txarra. Sailkapenari dagokionez, bigarren daude, bi partida gutxiagorekin; beraz, horiek amaitutakoan lehenengo jartzeko itxaropenik ez zaie falta, baina diru kontuetan komeriak hauek ere: «Begira mutilak non dauden. Arazoak izan dira eta Liga Nazionalera jaitsi dira. Oso urte gutxi dira Ohorezko Mailan ere egon zirela, baina Euskal Herrian kirol honek ez du indarrik hartzen, eta mutiletan ere, MRA salbu, egoera bertsua da», esan du.

Taldeari begiratuta, helburuak zeintzuk diren garbi du: «Igoera fasea jokatzea da gure asmoa, eta oraingoz hori nahikoa bideratuta daukagu. Behin hori lortuta, ahalik eta emaitzarik onena lortzea izango da asmoa. Igotzea posible bada, igo, ez dago besterik. Gero, badakigu behin igotzen baldin bagara, diru gehiago beharko dugula, eta hori bilatu beharko dugu edo saiatu behintzat».

Bizkaitarrek ere babes falta handia sumatzen dute: «Babes falta sekulakoa da. Emakumezkoen Zilarrezko Mailari buruz ia ez da komunikabide bakar batean ere ezer aipatzen, eta horrela zaila da babesleak topatzea. Zoritxarrez, emakumezkoen kirolari jaramon gutxi egiten zaio, baina gu saiatzen ari gara aurrera egiten, eta jarraituko dugu», baieztatu du Imanolek.

Kontuan hartuta igoera fasea jokatuko dutela -gauzak ikaragarri okertzen ez badira-, beste multzoetakoen maila bertsua dela esan zuen Armentiak: «Nik uste dut multzo bakoitzeko lehen lau sailkatuek duten maila bertsua dela, beraz, alde horretatik ez dago kezkarik. Gero, igoera fase batean partida gutxi izaten dira, eta hor edozer gerta daiteke, bai onerako, baita txarrerako ere», onartu du Imanolek.

Bizkaiko emakumezkoen areto-futbolari begiratuta, ez da oso baikor agertzen: «Nahiz eta gu Ohorezko Mailara igo, ez dut etorkizun ona ikusten. Hortik beherako taldeak oso aparte geratuko dira, eta aurrez aipatu bezala, atzetik ez babeslerik ez bultzadarik ez baduzu, oso zaila da aurrera egitea», azaldu du Imanol Armentiak.

Oraingoz, behintzat, Bilbok lanean jarraituko du herrialdean kirol honek aurrera egin dezan, eta taldeak mailaz igotzea lortzen badu, eta Bizkaiak Ohorezko Mailan talde bat izatea lortuko balu, oso berri ona izango litzateke, eta horrek berak ere bultzada eman liezaioke nesken areto-futbolari, baita Euskal Herrian ere, berriro ere erreferente bat izango bailukete.

Nafarrak

Nafarroak ere bi ordezkari ditu Zilarrezko Maila honetan, eta horietako batek, Orvinak, datorren urtean Ohorezko Mailan izatea du amets. Txantrea da aipaturiko taldearekin batera bigarren maila honetan lehian ari den beste taldea. Azken horiek behealdean daude, eta mailari eustea dute aurtengo helburu nagusia. Orvina, berriz, sailkapeneko lehen postuan dago, baina aurrez aipatu bezala, Bilbo baino bi partida gehiago jokatuta dago. Hala ere, iruindarrak ere igoera fasean izateko aukera handiak dituzte, eta hauek ere gauzak oso gaizki egin beharko dituzte hemendik atzera, bestela helburua bete ahal izango dute.

Behin azken fase horretan sartuta, Bilboren helburu bera dute, Ohorezko Mailara igotzea. Horretarako laguntza dezente izan dituzte, eta alde horretatik nahiko gustura daude, nahiz eta hauek ere emakumezkoen kirolak duen laguntza eskasaz kexatzen diren. Halere, helburua lortzen badute, Nafarroak jarraituko du Euskal Herrian areto-futbolak duen herrialde nagusia izaten, bai mutiletan bai nesketan talde bana izango bailukete, baina horretarako lehenengo igo egin beharko lirateke.

Txantrearen lana zailagoa da. Mailari eustea da helburua, eta hemendik Liga amaitu bitarte horretan saiatuko dira. Gauzak nahiko txukun egin dituzte, baina geratzen diren partidetan ere gauza bera egiten jarraitu beharko dute helburua bete ahal izateko.

Beraz, eta bertako adituen arabera, emakumezkoen areto-futbolaren egoera ez da batere osasuntsua Euskal Herrian, izan ere, Hegoaldekoa kaskarra bada, Iparraldekoa askoz ere okerragoa da, ia ez baitago talderik.

Alabaina, kirol honetan egoera hori ez da nesketan bakarrik gertatzen, mutiletan ere ez baitu areto-futbolak indarrik hartzen. Telebista ikusleen arabera, taldekako kirol lehiaketetako partidei dagokienez, futbolak eta saskibaloiak bakarrik dute areto-futbolak baino ikusle kopuru handiagoa, baina Euskal Herrian ez du itsastea lortu. Zuloak ere handiak dira. Emakumezkoetan Ohorezko Mailan ez dago talderik, eta mutiletan bai, baina gizonezkoetan, maila nagusitik hurrengo taldea ikusteko bi maila pasatu behar dira. Gainera, talde batzuek, diru arazoak zirela-eta, uko egin behar izan zioten Zilarrezko Mailari.

«Ez dakit hemen zer gertatu den, baina areto futbolak ez du indarrik hartu. Joaten zara Murtziara, Madrilera, Andaluziara edo beste hainbat eskualdetara, eta sekulako jende piloa joaten da areto-futbola ikustera. Hemen lizentziak badaude, baina zalerik ez zaio iristen», dio Emilio Ortiz Ordiziako ordezkariak. Izan ere, eta krisi garaia dela kontuan hartuta, zenbat eta arreta gutxiago jaso, bizirik irauteko orduan eta aukera gutxiago izango dituzte kirol taldeek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo