GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketako finala

Zutikako oinbiko enborrak erabaki du txapela

Proba horretan larretxeatarrek ia minutu bat atera zieten, eta hortik aurrera bidea errazagoa izan zuten.

p046_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA

Donatok eta Ohian Larretxeak irabazi zuten Urrezko Aizkora, finalean Joxe Etxebeste eta Joxemari Olasagasti menderatuta. Azken saioa Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, jokatu zen eta jende gutxi, 200 inguru batu ziren. Dena dela, kopuru hori normaltzat hartu beharko da haizetea zela-eta etxetik ez ateratzeko gomendioa emana zegoela kontuan hartuta.

Maila nagusiko finala ez zen ona izan, ezta gutxiago ere, azkarregi erabaki baitzen. Bigarren lanean erabaki zen, zutikako oinbikoa moztu behar zutenean. Hor igeldoarrek ez zuten asmatu epaiarekin eta ia minutu bat galdu zuten. Hortik aurrera larretxeatarrek dena kontrolpean izan zuten.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko, eta horixe izan zen gipuzkoarrek irabazi zuten proba bakarra. 43 kolpetan erdibitu zuten enborra eta biren aldea kendu zieten nafarrei. Hortik aurrera txapeldunak nagusi izan ziren.

Bigarren lanean zutikako oinbikoa txanda librean moztu behar zuten, eta finala erabaki zuen horrek. Nafarrek 3 minutu eta 52 segundotan bota zuten enborra, eta igeldoarrek, berriz, 4 minutu eta 40 segundotan.

Hirugarrengoan, bi 45 ontzako erdibitu behar zituzten, bakoitzak bana eta berriro ere aita eta semea nagusi. 1.25 izan zen beraien denbora eta 1.42 gipuzkoarrena. Laugarrengoan, 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda erdibitu behar zuten, eta nafarrek 2 minutu eta 2 segundotan amaitu zituzten lanak; galtzaileek 18 segundo gehiago behar izan zituzten. Azken-aurreko lanean, 80 ontzako enborra zuten erdibitzeko, eta berriro ere Donato eta Ohian izan ziren nagusi. 4 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten enbor handi hori botatzeko, eta 23 segundo gehiago behar izan zituzten igeldoarrek.

Azkeneko lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten. Larretxeatarrek 18 minututan bota zituzten eta Olasagastik eta Etxebestek 18 minutu eta 55 segundotan. Guztira, lan guztiak burutzeko, 30 minutu eta 6 segundo behar izan zituzten Donatok eta Ohian Larretxeak, eta 32 minutu eta 45 segundo, berriz, Etxebestek eta Olasagastik. Garaipen honekin, Donatok bere bosgarren txapela jantzi zuen, azken hirurak jarraian gainera. Lehendabizikoa Miel Mindegiarekin irabazi zuen, gero Xabier Mindegiarekin, ondorengo biak Atutxarekin, eta azkena, eta agian ilusio handiena egin diona, bere semearekin. Ohianek, 19 urte besterik ez dituenak, bere lehen final handian txapela lortu du, eta etorkizun handia duela garbi utzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo