GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Ingurumena eta demokrazia garaile

Usurbil eredu zen atzoko erreferenduma baino lehen eta eredu da haren ondoren ere. Zaborrak atez ate biltzeko sistemak bildu zituen boto gehien, usurbildarren %56 inguru haren alde agertuta. Eta emaitza horrek herri eredugarri gisa berretsi du. Alde batetik, bertako herritarrek ingurumena eta, oro har, ustez norberaren ardura ez diren kontu horiek guztion ardura izan daitezkeela erakutsi baitute. Izan ere, zaborra biltzeko atez ateko sistema, eta udal-ordenantzak, alferrikakoak izango ziratekeen usurbildarren parte hartzerik gabe. Sortzen den gehiegizko zaborra gero eta arazo handiagoa da, gero eta larriagoa ingurumenarentzat eta osasunarentzat. Ez birziklatzeak kutsadura dakar, eta horren jakitun izanik ere arrazoizko konponbide baten aurkako jarrera erosotasun edo estetika argudioekin justifikatzea gutxienik zinikoa da. Jakina da esfortzua dela zaborra atez ate biltzea, baina begi-bistan dago esfortzu horren emaitza, eta gainera neurgarria da. Erosoena zaborra leihotik botatzea izango litzateke, baina edonork iritziko lioke horri ez dela bideragarria edo, areago, gaur egun onartezina dela.

Eta, bestetik, eredugarria da Usurbil, orobat, hango udal gobernuak egindako kudeaketa dela-eta. Kutsadura saihesteko ekimena bultzatu, eztabaidatu eta herritarren hitzak erabakitzea ahalbidetu duelako, ezker abertzaleko taldeak ekimena beste zenbait udal talderekin partekatu zuela ahaztu gabe, Gipuzkoako zenbait hedabidek bereziki ezker abertzaleari aipua kentzeko kanpaina egin duten arren. Eredugarria «demokrazia» agintea eskuratzeko botoak lortzetik harago doan kontzeptua dela agerian utzi duelako, Xabier Mikel Errekondo alkatearen taldeak erreferendumaren emaitza loteslea izango zela ziurtatuta. Eta eredugarria politikak -askok uste dutenaren kontra eta politikari askok hala izan ez dadin tematuta diruditen arren- arazoak konpontzeko balio duela erakutsi duelako. Horrenbestez, atzo, Usurbilen, atez ateko bilketak, ingurumenak eta osasunak ez ezik, demokraziak ere irabazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo