GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi adingabeko atxilotu dituzte neska bati labanaz erasotzeagatik

GARA | DONOSTIA

Lakuako Barne Sailak jakitera eman zuenez, adingabeko bi neska atxilotu ditu Ertzaintzak, ustez, igande goizaldean Donostian hemeretzi urteko beste neska bati labana batekin erasotzeagatik.

Horrez gain, Barne Sailaren esanetan, Ertzaintzak adinez nagusia den mutil bat ere atxilotu zuen, ustezko bi erasotzaileei neskari eraso egiteko erabilitako labana ezkutatzen lagundu zielakoan.

Neska erasoa gertatu zen lekuan bertan artatu ostean, Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten toraxean zuen zauria senda ziezaioten.

Jazoera igande goizaldeko zazpiak aldera gertatu zen Anoetako Euskotrenen geltokian. Antza, liskarra sortu zen hainbat neskaren artean, eta ondorioz, horietako batek labankada bat jaso zuen. Lekukoekin hitz egin ondoren, Ertzaintzak adingabeko bi neskez gain, mutil bat ere atxilotu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo