GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Azpeitiko apustua

Otaegik aizkorarekin ireki du aldea

Zizurkildarrak bere gustuko proban hamaika minutu pasatxo kendu zizkion, eta Txikonek ezin izan zion horri bueltarik eman.

p045_f01_250x140.jpg

Jon LEUNDA

Joseba Otaegik aurreikuspenak bete egin zituen, atzo Azpeitian Alex Txikonen aurka jokatu zuen desafioa irabazi zuen. Kirolari bakoitzak hasteko 25 jasoaldi eman behar izan zizkion 100 kiloko zilindro zaharrari, gero aizkoran 14 kana-erdiko erdibitu, eta jarraian 7 kilometro korrika egin. Alde bakoitzak 7.000 euro zituen jokoan.

Jendearen erantzuna ikaragarria izan zen, aurrez uste zena baino handiagoa, eta harmailetan 1.700 ikusle inguru izan ziren. Bizkaiatik ere jende asko etorri zen, eta Txikonek ez zuen animo faltarik izan. Datorren ostegunetik aurrera mendian lagun izango dituen batzuk ere bertan ziren.

Gipuzkoarrak Agite eta Iriarte izan zituen lagun, eta bizkaitarrak, berriz, Mendieta eta Zelailuze. Hasi, harria jasotzen hasi ziren, baina hor inork uste baino tarte txikiagoa izan zen, izan ere, hamabi segundo bakarrik kendu baitzizkion Otaegik Txikoni. Zizurkildarrak 3 minutu eta 13 segundo behar izan zituen 100 kiloko zilindro zaharra 25 aldiz bizkarrean berdintzeko, eta Txikonek, berriz, 3 minutu eta 25 segundo behar izan zituen. Aldaketa egiten, ordea, bizkaitarrak denbora gutxiago pasatu zuen eta lehen kana-erdikoa Txikonek lehenago bota zuen, bi segundo kenduta. Hortik aurrera, ordea, Otaegik alde handia atera zion.

Zulo handia

Bigarren enborretik aurrera hasi zen zizurkildarra egurra ematen. Bigarren kana-erdikoa 2 minutu eta 50 segundoan bota zuen, eta Txikonek, berriz, 3 minutu eta 30 segundotan. Beraz, bi kana-erdiko moztuta, Gipuzkoakoak 40 segundo sartu zizkion. Hirugarrengoan, aldea handitu egin zuen, eta horren amaieran minutu bat eta 20 segundoko tartea ateratzen zion.

Aldea gehitzen zihoan, eta zazpigarren enborrean, aizkorako lan erdietan, 4 minutu eta 20 segundoko tartea kentzen zion, baina garbi zegoen alde hori handitzen joango zela. Hamargarren enborrean zazpi minutu eta 53 segundo ateratzen zizkion. Otaegik astean zehar esaten zuen apustua irabazteko, aizkoran zazpi bat minutuko tartea lortu behar zuela, eta hori egina zegoen. Beste lau enbor geratzen ziren aizkorako lanak amaitzeko.

Alde hori gehitzen joan zen, eta aizkorako lanak amaitutakoan, 43 minutukoa zen zizurkildarrarren denbora, eta artean hiru enbor pasatxo geratzen zitzaizkion Txikoni. Honek bigarren lana amaitu zuenean, 54 minutu eta 28 segundo erakusten zuen erlojuak. Tarte handia zen, eta apustua ia erabakita zegoela ikusten zen. Beraz, 11 minutu eta 28 segundoko tartea lortu zuen Otaegik.

Gipuzkoarra korrika hasi eta oso motel ekin zion. Lehen kilometroa 6 minutu eta 14 segundotan zuen egina. Txikon abiatu zenean, abiada oso onean hasi zen, eta aldea mozteari ekin zion. Orduan, apustua alda zitekeela ere pentsatu zuen batek baino gehiagok.

Txikonek lehen kilometroa 4 minutu eta 33 segundotan egin zuen, baina aldea handia zen, eta Otaegik, gainera bere abiadura azkartu egin zuen. Bizkaitarra tartea laburtuz joan zen, baina aurreko tartea handia zen, eta ezinekoa izan zuen Lemoakoak garaipena lortzea, eta azkenean gipuzkoarrak kilometro bateko aldea kendu zion.

Orotara, Joseba Otaegik ordu bat 22 minutu eta 2 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko, eta Alex Txikonek, berriz, ordubete, 26 minutu eta 45 segundo behar izan zituen. Apustua orokorrean oso ona suertatu zen, eta jendearen erantzuna ere bikaina izan zen, ezin hobea.

Jendetza

Azken orduan, haizetea zela-eta, apustua eguerditik arratsaldera pasatu zuten arren, jendeak ez zuen atzera egin eta 1.700 ikusle inguru batu ziren harmailetan, horietatik asko gazteak.

Aurpegi ezagunak

Azpeitiko zezen-plazan aurpegi ezagun asko izan ziren apustua ikusten. Horien artean ziren ostegunetik aurrera Txikonek mendian lagun izango dituen batzuk. Edurne Pasabanek, esaterako, gogoz animatu zuen bere taldekidea.

Otaegi: «Irabazi dut, baina azkenerako dezente sufritu behar izan dut»

Joseba Otaegi gustura zegoen garaipenarekin, baina dezente sufritu zuela onartu zuen: «Egia esan, korrika ez naiz ongi aritu. Izter atzean asko sufritu dut», esan zuen.

Aizkorako lana erabakiorra izan zela onartu zuen: «Alde handia lortu dut, eta horrek korrika lasaiago ibiltzeko modua eman dit», esan zuen

Jendearen erantzunarekin txundituta zegoen: «Ikaragarria izan da. Ordu aldaketa eta dena tartean izan da, latza izan da», esan zuen.

Galdu arren, egindakoarekin konforme zegoen Txikon: «Aizkoran alde handia kendu dit, baina orokorrean oso gustura geratu naiz».

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo