GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ibai Redondo Euskal Herriak Bere Eskola-ko kidea

Ikastola eta eskoletatik, Euskal Herriak Bere Eskola

Jarrera horiekin ez goaz inora. Are eta gutxiago orain dela 20 urteko eztabaida itxi beharrean berau irekita mantentzeko saiakera egiten bada

Azken egunotan hainbat egunkaritan agertu den iritzi artikulua, Mirari Bereziartuak eta Elias Mendinuetak idatzitakoa, irmoki salatu nahi dugu. Bi pertsona horiek Euskal Herriak Bere Eskolaren ahotan herri ekimenaren izaerarekin bat ez datozen hainbat baieztapen publiko egin dituzte. Euskal Herriak Bere Eskola herri mugimendu zabal eta anitza da, Hezkuntza Sistema Nazionala helburu duena. Hori dela eta, gure oinarri ideologikoei muzin egiten diotenek, ez dute tokirik EHBEn eta, are gehiago, ez dute inongo legitimitaterik EHBEren izenean hitz egiteko. A ze aurpegia! Ez dugu onartuko hezkuntza mugimendua zatitzea helburu duten hitzak EHBEren ahotan jartzea!

Behin eta berriz adierazi dugu Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema burujabea ikastoletatik eta eskola publiko euskaldunetatik eraiki behar dela, besteak beste, bakoitza berean eta denok bide berean aritu behar dugulako. Estatu espainol eta frantsesak saiakera aunitz egin dituzte Euskal Herriko hezkuntza mugimendua zatitzeko, urrutira joan gabe, 1991ko Publikotasun Legea. Helburu bera, baina bide ezberdinak izan arren, hezkuntza mugimendua zatikatu eta ezin-ikusi ugari sortu ziren. Badirudi, gaur egun zauriaren gainean sua piztu nahi duenik badagoela, gugandik oso gertu. Euskal Herrian geldialdi bat eginez, ordea, konturatuko gara zatiketa horri aurre egin eta geurea definitzeko saiakera ugari izan direla. 2006. urtean Oinarrizko Hezkuntza Akordioa aurkeztu zen eta bertan «Euskal publikotasun» eredu berri bat proposatu zen, hezkuntza eskubideen bermea oinarri zuena, estatuek inposatzen dizkiguten mugak gaindituz. Euskal Herriak egitura burujabea izan arte, ezingo ditugu gure erabakiak geuk nahi bezala hartu, noski, baina eguna iritsi arte, ezin dugu besoak gurutzaturik gelditu.

Iritzi artikuluan agertzen diren gauza batzuekin ados egon gaitezkeen arren, une honetan Langile Ikastola eta Alkartasuna Lizeoa erasotzeko eta, aldi berean, EHBEk martxoaren 13rako antolatu duen manifestaldia zikintzeko idatzi dela uste dugu. Jarrera horiekin ez goaz inora. Are eta gutxiago orain dela 20 urteko eztabaida itxi beharrean berau irekita mantentzeko saiakera egiten bada. Zentzu honetan, elkartasuna adierazi nahi diegu Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde lanean ari diren ikastola eta eskola guztiei, bereziki, Hernaniko Langile Ikastolari eta Beasaingo Alkartasuna Lizeoari, Celaaren Departamenduaren Eskola Mapa berria gogorki pairatzen ari baitira.

Bukatzeko, euskara eta Euskal Herria ikastetxeetan jasaten ari diren erasoaldi bortitzari erantzun bateratua emateko deia berresten dugu, elkarrekin soilik lortuko dugu amesten dugun hezkuntza sistema: martxoaren 13an denok Bilbora! Garaia da Hezkuntza Sistema propioaren alde gaudenok bildu eta aldarrikapenari beharrezko kategoria emateko, elkarren artean ditugun ezberdintasunak alde batera utzi eta batzen gaituena indartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo