Bizkaiko bertsolari gazteentzat izango da martxoa, Igorretik hasi eta Bilboraino
Bertsolari Gazteen XVIII. BBK Sariketa bihar abiatuko da Igorren. Zazpi eskualde arituko dira lehian taldeka, adinaren arabera bi kategoriatan banatuta. Finala martxoaren 26an ospatuko da Bilbon.
A. ARRUTI | BILBO
Eskualdeka eta taldeka jokatzen da Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketa eta dagoeneko hemezortzigarren edizioa ospatzeak agerian uzten du haren arrakasta. Iazkoan bezala, zazpi talde arituko dira lehian: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Bilboaldea, Lea-Artibai eta Ipar Uribe bertan izango dira, baita Enkarterri ere, bigarren urtez.
50 gazte inguru arituko dira bertsotan. Talde bakoitzak eskualde bat ordezkatuko du eta gutxienez sei partaidez osatuko da. Bi mailatan banatuko dira: A maila, 18 urte bitartekoek osatuko dute (1991n jaiotakoak barne); eta, B maila, 19-24 urtekoek (1985ean jaiotakoak barne).
Bihar bertan jokatuko dute lehenengo kanporaketa. Arratia eta Busturialdea arituko dira nor baino nor, Igorreko Lasarte kultur aretoan. Jokin Castaños, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunak azaldu zuenez, azpimarratzekoa da saioak -finala izan ezik (19.00etan)- eskola ordutegi barruan izango direla. «Publikoa bertsolarien adin berekoa izango da, publiko exijentea baina, aldi berean, kantuan ari direnak errespetatzen dituena». Datorren astean, berriz, Durangaldea eta Bilboaldea Durangoko Institutuan lehiatuko dira eta Lea-Artibai eta Enkarterri, Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxean.
Ipar Uribe, iazko irabazlea, zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara eta biharko irabazleekin arituko da Derioko Txorierri BHI institutuan. Zallako kultur etxean egingo den bigarren finalaurrekoan erabakiko da zein bi talde arituko diren martxoaren 26an Bilboko Kafe Antzokian ospatuko den finalean. Hiru pertsonek osatuko dute epaimahaia: Gorka Intxaurbe, Arkaitz Estiballes eta Juanjo Respaldiza. Gaien prestaketan Leire Aurrekoetxea eta Zuriñe Iarritu ari dira eta, aurkezle lanak, Maite Berriozabal eta Bernar Mandalunizen esku egongo dira.
Atzoko agerraldian Jone Uria bertsolaria bertan izan zen. Algortarra azken lau sariketetan finalean izan da, bitan irabazi du, eta 15 urterekin, finalista gazteenaren saria jaso zuen gainera. «Urtean zehar geneukan motibazio bat» zela esanez gogoratu zuen bere esperientzia, aurten parte hartuko duen ziurtatu gabe, eta taldeka aritzearen garrantzia azpimarratu zuen: «Alde batetik, presioa handiagoa da, eskolartekoetan ez bezala, hanka sartuz gero talde osoa izorra dezakezulako. Baina, bestalde, irabazten baduzu taldean ospatzeak eta saria elkarbanatzeak ere ematen du nolabaiteko motibazio bat», esan zuen. Izan ere, sariak ez dira nolanahikoak: talde txapeldunak, 1.260 euro jasoko ditu; txapeldunordeak, 900 euro; Bizkaiera egokien darabilenak, 140 euro; eta finalistarik gazteenak, 70 euro.
Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Ipar Uribe, Lea-Artibai eta Enkarterri izango dira parte hartuko duten zazpi taldeak. Lehenengo saioa bihar egingo dute Igorren.
Sailkapen saioak:
Martxoaren 3a: Igorre.
Arratia - Busturialdea.
Martxoaren 9a: Durango.
Durangaldea - Bilboaldea.
Martxoaren 10a: Markina-Xemein.
Lea-Artibai - Enkarterri.
Finalaurrekoak:
Martxoaren 16a: Derio.
Ipar Uribe - martxoaren 3ko irabazleak.
Martxoaren 17a: Zalla.
Martxoaren 9 eta 10eko irabazleak.
Finala:
Martxoaren 26a, Bilbo (Kafe Antzokia).