GARA > Idatzia > Ekonomia

Astero greba egun bi egingo dituzte eskola jantokietako langileek hitzarmenaren alde

EAEko eskola publikoetako jantokietako langileek astero greba egun bi egingo dituzte datorren astetik aurrera, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin, lan hitzarmena negoziatzea lortu arte.

p032_f01_148x092.jpg

Nerea GOTI | BILBO

Datorren astetik aurrera EAEko eskola jantoki publikoetako langileek greba egun bi egingo dituzte astero, lan hitzarmena negoziatu arte. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek babesten dute beharginen deialdia, eta diotenez, greba egitea beste erremediorik ez dute «enpresek entzun nahi izan gabe jarraitzen» dutelako, eta Lakuako Hezkuntza Sailak, zerbitzuko arduradun nagusiak, gatazka horretan duen «erantzukizuna bere gain hartu gabe jarraitzen» duelako.

Sindikatuetako ordezkariek nabarmendu zutenez, urte bi daramatzate hitzarmenik gabe, hainbat greba egun egin ostean -horietako bi pasa den urtarrilean- eta oraindik ez dute izan «patronalaren dei ofizialik, ezta eskaintzarik ere».

Gauzak horrela, hurrengo martxoaren 9an eta 11n izango dira lanuzteak, eta epe mugagabean astero bi egunetan greba egiten jarraituko dute. «Lakua eta patronalaren itxikeriaren aurrean» daukaten irtenbide bakarra hori dela adierazi zuten.

«Arriskuez» ohartarazi dute

Greba egun bakoitzeko deia hamabost eguneko aurrerapenaz egingo dutela azaldu zuten. Horren harira, gutxieneko zerbitzuen kudeaketa salatu zuten: «Gutxieneko zerbitzuak inposatuko dituzte, oso tarte laburrarekin, eta guk errekurritzen badugu, azken unera arte ez da Lakuaren agindua helduko». Horrek «gizarte kaosa» eragiten duela kritikatu zuten.

Bestalde, orain arte gutxieneko zerbitzuetan erabilitako politikaren «arriskuez» ohartarazi zuten ELA, LAB, CCOO eta UGTko ordezkariek. Aurreko lanuzteetan «zenbait gertaera larri» izan direla esan zuten; izan ere, jantokietan elikadura berezia behar duten umeak eta gaixotasunak dituztenak daude, eta greba egunetan gutxieneko zerbitzuek ez dute kasu horiek behar duten zaintza berezia bete.

Sektorean diren 3.500 langile baino gehiagoren izenean, lau sindikatuek barkamena eskatu zieten erabiltzaileei grebek eragin ditzaketen eragozpenak direla-eta, eta eskertu zuten guraso elkarteek «une oro» ulertu izana beren aldarrikapenak.

Eskoletako jantokietako langileek ratio txikiagoak eskatzen dituzte, langile bakoitzak ume gutxiagorekin lan egin dezan, baita «heziketa espezifikoa» ere, kalitate gehiagoko zerbitzua emateko. Besteak beste, beren soldatak lan bera egiten duten Administrazioko langileenekin parekatzeko ere eskatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo