Maider Eizmendi Kazetaria
Zehar estiloan, baina funts bera
Ona eta txarra, egokia eta desegokia... Lausoak dira mugak, lausoak baina, aldi berean, bereiztekoak gure begietara. Alferra eta gezurtia dela dioen pertsona aurkitzea zaila da, alferrak eta gezurtiak topatzea baino dezentez zailagoa. Aitorpen lana nekeza da, nor bere buruarekin kritiko izatea are gehiago. Gurean aspaldi honetan ez dago ongi ikusia ingurumenak eta inguruak ez digula axola esatea, ez behintzat bat-batekoan, zuzenean; zehar estiloa darabilgu horretan; baina funtsean berdina esateko.
Asteburu honetan Usurbilen jarriak zituzten begiak hainbatek. Orain urtebete eskas, parte-hartze prozesu luzearen ostean abian jarritako hondakinen kudeaketarako sistema berretsi eta aurrera begira pauso gehiago emateko hauspoa espero zuen hainbatek; agintariek buruan duten sistema oinarririk gabe uzten duen bidea etetea, berriz, besteek. Bai, batzuek zein besteek izan dute begirada jarria Gipuzkoako herrian. Bultzadaren zain batzuk, estropozu egingo ote duten esperoan besteak. Usurbildarrek argi erantzun dute: urtebetean sistema probatu, ahalegina eginda hondakinen kudeaketa arazoari irtenbidea ematea posible dela ikusi, eta horretan jarraitzeko asmoa agertu dute; gustatu ala ez gustatu. Biharamunean, errealitate bera nork bere begietatik edo interesetatik ezberdin ikus dezakeela irakaspena jaso dugu egunkarietako orrietan eta beste hainbeste gai honen inguruan foroetan mintzatu diren herritarren hitzetan. Ezin da esan ez dut birziklatu nahi, eta hori ez esatearren jira eta buelta, aitzakian han eta hemen. Atez atekoak herriari ematen dion itxura estetikoarekin arduratuta bateren bat. Atzerakoa ematen omen du bilketa egunetan potoak eskegita ikustea. Bai, antza nahiago hondakinak txukun-txukun edukiontzietan ezkutatzea. Gero eraman ditzatela horiek txukun-txukun errauskailura edota zabortegira. Total, sentitu bai baina ez ditugu ikusiko!
Bai. Gaizki ikusita dago hondakinak edonola ateratzen ditugula esatea, birziklatzea endredoa iruditzen zaigula adieraztea. Horren aurrean, gure buruari kritika egin eta alferrak edo arduragabeak garela onartu baino, nahiago orain artean soluzio bidea jarri duen sistema bakarra boikotatzea. Ezin esan alferrak eta gezurtiak garela, baina...