GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako Txapelketa

Porrotak ez du iraultza handirik eragingo Asegarcen

Buruz Burukoari begira entrenamendu «teknikoagoak» egingo dituztela iragarri zuen Gorostizak.

p047_f01_666x666.jpg

Jon ORMAZABAL

Astelehen gogorra izan zen atzokoa Asegarcekoentzat, Binakako Txapelketako finalerdietan ordezkaririk gabe geratu baitira historian lehen aldiz. Porrot hau gainera, Lau eta Erdiko finalerdietatik ere kanpo geratu izanari gehitu zaio, eta horren guztiaren gaineko hausnarketa egiteko bilera egin zuten atzo goizean enpresako teknikariek. Porrotak mingarriak izan arren, hasiera batean ez da iraultza handirik espero behar enpresaren egunerokotasunean.

«Kirola halakoa da, bi eta bi ez dira beti lau, eta gauzak ondo egin arren, balio duena garaipena da. Ez irabazteak ez du esan nahi gauzak gaizki egin dituzula, boladak daude, gauzak ez dira irteten eta jarraitu egin behar da. Orain sufritzea egokitzen zaigu, baina beste batzuetan dena irabazi dugu eta gauzak orain bezala egin ditugu», adierazi zuen Radio Euskadin Jose Angel Balanza Gorostizak, igandean Aimar Olaizola eta Mendizabal II.aren botilero izan zenak.

Urrutira joan gabe, Gasteizkoa eta Logroñokoa kenduta, binakako udako gainerako torneo guztiak Asegarceko pilotariek eskuratu zituzten eta iazko txapela Martinez de Irujo eta Goñi III.ak jantzi bazuten ere, finalerdietako ligaxkako gainerako hiru bikoteak Bilboko enpresaren ordezkariak izan ziren, aurten kanporatuta geratu diren Olaizola II.a-Mendizabal II.a, Berasaluze VIII.a-Begino eta Bengoetxea VI.a-Beloki.

Lan teknikoagoa

Iraultzarik ez, baina entrenamenduetan aldaketa batzuk egingo omen dituzte Buruz Burukoari begira, Asegarceko intendenteak esan zuenez. «Era globalagoan lan egin dugu eta teknifikazioan lan berezia egin beharko dugu. Hau da, Buruz Burukoa jokatu behar badute, espezialitate horretarako lan saio bereziak egin, sakeak, errestoak... Orain artean partidatxo asko jokatu ditugu, baina aurrerantzean gauza zehatzagoak landuko ditugu. Garrantzitsua da hutsunea duzun horretan lan egitea, hobetzeko».

Emaitza txarren arrazoiak aztertzerakoan, lesioak eta Berasaluze edo Bengoetxea punturik onenean iritsi ez izana ere aipatu zituzten. Lehiaketa sistemak ere ez die batere mesederik egin Asegarceko ordezkariei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo