Euskal arrantzaleen poza ulergarria bada ere, tentuz begiratu behar da antxoaren bilakaera
Bost urte beren bizibide nagusia dena alboratuta ibili ondoren, ulergarria da antxoaren kanpaina berriaren aurrean euskal arrantzaleek azaltzen duten poza. Poz hau, nolanahi ere, neurtua da, arrantzaleak beste inor baino hobeto ohartzen baitira europar agintariek orain hartutako neurria, antxoa arrantzatzeko debekua kentzea alegia, ez dela inondik inora atzeraezina. Antxoaren egoera larria da oraindik, eta haren bilakaera arreta handiz begiratu beharrekoa, arrantzaleena bezala antxoaren etorkizuna jokoan baitago. Arduragabekeriarako tarterik ez dago hemen.
Naturarekin harremana duten lanbide guztietan ingurunea zaintzeko beharra lege da. Ez europar, espainiar, frantziar edo euskal legea, baizik eta lege unibertsala, arrantzaleek eta baserritarrek beren gurasoengandik jaso duten jakinduriaren parte garrantzitsua. Bizkaiko Golkoko antxoak jatea dagoen plazerik handienetakoa da arrantza eta arraina maite duenarentzat. Bizi garen sistema honetan, ordea, jakiak, beste gauza guztiak bezalaxe, ez dira ez plazer, ez elikagai, ez bizibide, baizik eta diru iturri edo ezer ere ez. Hori da, ez beste ezer, antxoaren benetako krisia.