GARA > Idatzia > Euskal Herria

Larrialdi planak: idazteko behintzat errazak diren neurri eta gomendioak

Gai kimikoekin lan egiten duten enpresa adina larrialdi kasuetarako plan daude Euskal Herrian. Arrisku jakin bat duten enpresek beharrezko dituzte, baina plan horietako asko martxan jartzea «ezinez- koa» dela ohartarazten dute hainbat talde ekologistak.

p018_f0180661.jpg

Janire ARRONDO

Euskal Herrian dozenaka enpresa kimiko daude; elementu kimikoak beste industria batzuetarako oinarrizko ekoizkin bihurtu edo zuzenean kontsumitzaileari saltzeko produktuak egiten dituztenak. Sendagaiek, garbiketa-produktuek, pinturek, oihal zuntzek, plastikoek eta erregaiek oinarri bera dute: guztiak dira materia kimikoetatik eratorriak. Hala, eguneroko bizitzan elementu kimikoetatik eratorritako uste baino gai gehiago erabiltzen ditugu.

Sagarrak Ekologista Taldekoen hitzetan, Euskal Herrian, esaterako, Hernaniko Arkema eta Hernani Elektrokimikoa enpresak dira arriskutsuenetako bi kloroa eta binilo kloruroa maneiatzen dituztelako; baina, Lantaroneko General Química eta Muskizeko Petronor ere horien pareko dira. LEhengai horiek ekoiztu, maneiatu, garraiatu eta gordetzen dituzten lantegiak dauden eremuetan bizitzeak baditu bere arriskuak; hain justu ere, enpresatik kanpo ondorioak izango lituzkeen istripuak gertatzeko arriskua.

Badute horren berri Petronorren inguruetan bizi diren bizilagunek. Otsailean bertan, Muskizen eta Abanton arazoak izan zituzten isuriekin. Findegia garbitzen ari zirela-eta, usain txarrak sor zitezkeela ohartarazi zuen enpresak. Baina, usainez harago, larrialdi zerbitzuek Abantoko bizilagun bat artatu behar izan zuten.

Enpresa guztiek, baina, ez dituzte arrisku maila bereko gai toxikoak maneiatzen, eta instalazio guztiek ere ez dituzte istripuak izateko arrisku bera. Alde batetik, produktu kimikoak maneiatzen dituzten industriak daude; kasu hauetan ez dira elementu kantitate handiak erabiltzen, beraz, istripuren bat izanez gero, enpresa barruan eragingo luke kaltea, eta ez kanpoaldean. Produktu biltegietan ere zaila da istripu gertatzea, bertan ez direlako elementuak maneiatzen. Hala ere, gertatuko balitz, inguruetan eragin handia izango luke. Azkenik, lur azpitik zein lurrazaletik elementu kimikoak garraiatzen dituzten hodiak daude. Hor isuriak izaten direnean lurretan eta uretan intoxikazio handiak izaten dira.

Paper gaineko gomendiok

70eko hamarkadan Europako hainbat lekutan industrian gertatutako istripuen ondorioz, bereziki Italiako Seveso hirian jazotakoagatik, Europar Batasunak 1982. urtean istripu larrien arriskuen inguruko araudi bat osatu zuen. Gerora birritan eraldatu zuten gida hori, 1987. eta 1988. urteetan, eta azkenean Seveso II izeneko zuzentarauan -egun indarrean dagoena- jaso zituzten industria kimikoko enpresek hartu beharreko neurriak. Araudi honen arabera, istripurik izanez gero, kalte larriak sor ditzaketen enpresek, arrisku kasuetan zer egin zehazten duen Kanpoko Larrialdi Plana izan behar dute.

Isuri toxikoek eragindako larrialdi kimikorik gertatuz gero, funtsezkoak dira lantegi inguruetako bizilagunak arriskuaz ohartaraziko dituzten sirenak. Badute horien berri Gueñeseko Zaramillon esaterako. Administratiboki Alonsotegi bada ere, fisikoki gertu dute zaramillotarrek gai kimikoekin lan egiten duen Arkema Kimika lantegia. Enpresa martxan jarri zenetik urte asko igaro badira ere, 2008ko urrian jarri zituzten bi sirena auzo horretan eta otsailaren hasieran egin zuten azken ikuskapena.

Sirena horiek bi motako seinaleak igor ditzakete, nahastu ezinezkoak eta arriskupeko eremu osoan entzun daitezkeenak: lehenengoak alertaren hasiera adierazten du eta besteak amaiera. Ugari izan dira, bestalde, bizilagunak ahalik eta hobekien informatzeko asmoz egindako kanpainak. Herritarrei sirenak jo bezain pronto leku itxi batean babes daitezela gomendatzen zaie eta leiho zein ateak ixtea, baita kanpoko edozein aire sarbide estaltzea ere. Gainera, telebista eta irratiaren bidez emandako jarraibideei adi egon beharko dute; aireztatze sistemak ez erabili; kalean egonez gero, arnas bideak estali... Horiek dira, besteak beste, ematen dizkieten gomendioak.

Sagarrak taldekoen hitzetan, ordea, gauza bat da enpresek larrialdi planak izatea eta inguruko bizilagunak «heztea», baina, euren ustez, «zalantzan» dago plan horien «erabilgarritasuna». «Istripua izanez gero, atera al daitezke bizilagun guztiak Hernani eta inguruetatik?».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo