GARA > Idatzia > Kultura

Etxahun-Iruri gogoratuko dute Iparraldea Bertan! zikloan

Iparraldea Bertan! zikloak bederatzigarren edizioa abiatuko du gaur Koldo Mitxelena Kulturunean Etxahun-Iruri kantugilearen omenez Mixel Arotcek, Jean Mixel Bedaxagarrek, Pierpol Berzaitzek eta Mixel Etchecoparrek eskainiko duten zuzeneko kantaldiarekin.

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Ipar Euskal Herrian sortu diren euskal kulturgile eta artistak Hego Euskal Herriko ikusleriaren artean ezagutaraztea helburu duen Iparraldea Bertan! zikloa gaur abiatuko da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. «Euskal kultura Euskal Herri osoan hedatzen da, baina askotan Iparraldean sortzen diren egitasmoek ez dute zabalkunde handirik eta programazio faltan daude. Gabezia horiek asetzea izango da gure helburuetako bat», esan zuen Frantxis Lopez Landatxek, Koldo Mitxelenako zuzendariak atzoko aurkezpenean.

Aurtengo zikloan, urtero bezala, pertsonaia bati garrantzia berezia emango diote. Oraingoan, Etxahun-Iruri kantugilea izango da omendua, iazko urrian bete zen haren heriotzaren hogeita hamargarren urteurrenaren harira. Pierre Bordazarre (1908-1979), Zuberoako Iruri herriko Etxahunia baserriko nagusia zen, euskal kulturaren munduan Etxahun-Iruri izenordez ezagutua. Txürüla jotzaile ezaguna, bederatzi pastoralen idazle izan zen, baita esparru horretan aitzindari ere. «Antzina, Biblia edo erlijioaren inguruko gaiak jorratzen ziren pastoraletan, eta bertako pertsonaiak izaten ziren protagonista. 1950eko hamarkadan, Etxahun-Irurik hainbat pastoral sortu zituen, eta historian lehen aldiz, erlijioarekin zerikusirik ez zuten pertsonaiak hasi zen txertatzen bere lanetan», azaldu zuen Daniel Landartek, Euskal Kultur Erakundeko ordezkariak. Kantagintzan ere sorkuntza garrantzitsuak egindakoa da, bere heriotzatik hogeita hamar urteren buruan oraindik bizirik irauten dutenak. «Agur Xiberoa», «Goizian argi hastean» edo «Anaia etxen da ezküntu» dira, besteren artean, Iruriko gizasemearen sorkuntza esanguratsuenetako batzuk.

Abesti horiek, eta beste hainbat kantatuko dituzte gaur arratsaldean, 19.30etik aurrera, Koldo Mitxelenan bertan, Mixel Arotce, Jean Mixel Bedaxagar, Pierpol Berzaitz eta Mixel Etchecoparek.

Martxoaren 24ra bitarte

Astean behin -aurtengoan hitzorduak asteazkenetan izango dira ordu eta leku berean- eta martxoaren 25era bitarte, Iparraldea Bertan! zikloak hiru emanaldi gehiago eskainiko ditu. Hurrengoa, martxoaren 10ean izango da eta hitzaldi-kantaldi bat izango da entzungai. Bertan, Eñaut Examendik eta Jean-Louis Lakak parte hartuko dute.

Etxamendi-Larralde bikotea izango dute hizpide solasaldian, hogeita hamar urtez plazaz plaza ibilitakoa. Eñaut Etxamendik, 80 kanturen hitzak idatzi ditu, gehienetan doinuak ere berak asmatuz. Nekazaritza Ingeniaritzako ikasketak egina, bizi osoan irakasle izana, erretiratu eta Hizkuntzalaritzan doktorego bat erdietsita, Etxamendik ondo ezagutzen du Ipar Euskal Herria eta bere esperientzia azalduko du, hasieran Jean-Louis Laka lagun bost kantu emango dituelarik.

Martxoaren 17an Pantxix Bidart eta Kristof Hiriartek osatzen duten Mihakan bikotearen hitzordua izango da. Kantu tradizionala era modernora eramaten du bikote horrek. Kantaldiak elkarrizketa dirudi: bi ahots eta hainbat musika tresna, kantuaren hitzen arabera erabiltzen dituztenak, batak besteari erantzungo balio bezala. Atzoko kantuekin bat, gaurko poetak ere ohoratuko dituzte, hala nola Iratzeder eta Itxaro Borda.

Azken emanaldia martxoaren 24an izango da, «Hameka ipuin» ikuskizunaren estreinaldiarekin, Kattalin Sallaberry eta Jokin Irungaray ipuin-kontalari eta Txomin Heguy zuzendari direla. Beren ikusgarri berria estreinatzeko Koldo Mitxelena aukeratu dute. Kattalin Sallaberry, antzerkilari gisa, hainbat taldetan aritutakoa da. Gazteen prestakuntzan ere ibilia da, eta hain zuzen, horrela ezagutu zuen Jokin Irungaray. Elkarrekin lan egiten dute 2006az geroztik eta egitasmo berrirako Txomin Heguy antzerkilariaren laguntza izango dute. Kontatzen dituzten ipuinak publiko osoari eskainiak dira, bai helduentzat, bai haurrentzat.

KANTUAK

«Agur Xiberoa», «Goizian argi hastean» edo «Anaia etxen da ezküntu» dira, besteren artean, Iruriko gizasemearen sorkutza esanguratsuenetako batzuk, baita hainbat pastoral ere.

Fitxa

Emanaldiak: Gaur, eta martxoaren 10, 17 eta 24an.

Tokia: Koldo Mitxelena Kulturunea.

Ordua: 19.30.

Sarrera: Doakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo