Ariane Kamio Periodista
Denborak eraman ez duena, barkatutakoa
Zenbat gauza gordeko ote ditu bakoitzak bere memorian? Denborak ez du barkatzen, eta noizean behin garbiketa lanetan aritzen da ganbarako traste zaharrak bota eta berriagoei lekua egiteko. Helburua jakina da behintzat; oroitzapenen mekanismoak herdoiltze arriskutik ahalik eta gehien aldentzea. Barkaziorik ez izate horrek badu, ordea, aurrez finkatutako preziorik, garestiago ala merkeago, azken buruan bada ere, bakoitzak ordainetan ematen duena, mekanismo hura «zaintzeagatik» emandakoa.
Ukiezinen zerrendak ere badira ganbara horretan, urteen esperientzia baliatuta, bakoitzak berean finkatutakoak. Nirean ere bada zerrenda kuttunik, gehienak txikitako oroitzapenekin lotutakoak: amak litxarreriak erosten zizkidanekoa, udako oporretan kalean pasatutako ordu luzeetakoa, ikastolako garaietakoa... eta beste hainbat hemen aipatzekoak ez direnak, beti gertatu ohi den bezala.
Zerrenda horretatik «erorita» geratu zaizkit ganbaratik egindako garbiketa haietan galdutakoak. Ziur dakizu inoiz ikusi duzula, behin edo behin berarekin kalean gurutzatutakoa zarela, edo etxean berari buruz hitz egiten entzun diozula amari, baina ez zara akordatzen, hura ere galdu zen.
Orain egun gutxi Parisera bisitan joandakoek esan zidaten ez zekiela nor nintzen, beste norbaitekin nahastuta zegoela eta ez zitzaiola burutik pasatu ni izan nintekeenik. Hura ere ahaztuta egongo da, bere zerrendatik aspaldian eroriko nintzen ni ere, inoiz bere zerrendan egona banaiz, bederen.
Horman eskegitako argazki bakar batek esaten dit nor den eta ezer gutxi dakit haren inguruan, baina ezagutzen dudala esan dezaket, inoiz hitz erdirik gurutzatu ez badugu ere. Eta baiezta dezaket baita ere hark ezagutzen nauela, bai aurreko hartan izandako egonaldiaren ondotik behintzat. Haren ahotsa, izaera, asmoak urrun geratzen diren arren, argazki batek gerturatu du nigana. Denborak galarazitakoetatik zerbait berreskuratzeko aukera ematen duela frogatu dut, irudi baten bitartez bada ere. Eta nire ganbaratik eraman ez duena barkatutzat emango dut hemendik aurrera.