Igone Lamarain eta Unai Larreategi EHEko kideak
Etxezarreta jauna, errespetua herri euskaldunari zor zaio
Herri euskaldunaren menpekotasun egoera oinarri duen bizikidetza ezarri nahi digu Jaurlaritza berriak (lehengoek disimulatu egiten zuten, hauek hori ere ez). Ez dira kontu berriak herri euskaldunarentzat, urte luzetan bigarren mailan bizitzera kondenatu gaituzte geure lurrean bertan
Iragan otsailaren 18an eta 19an Donostian bildu zen Hizkuntza Aniztasunaren Hedapenerako Sare Europarra. Europan zehar egiten dituzten bileren artean azkena izan zen Donostiakoa, Jose Ramon Etxezarreta Hizkuntza Politika Saileko buruak eta Jaurlaritzak antolatuta. Astebete geroago Donostia Europako Hiriburu kulturala izateko hautagaitza aurkeztera joan ziren Etxezarreta eta besteak. Badirudi Donostia 2016an Europako kulturaren hiriburu izendatzeko egiten ari diren jardunaren baitan antolatu zituztela Donostiako batzar itxi horiek, Bruselan Jaurlaritzak duen egoitzan egindako ekimenera hurbildu zirenak ikusita.
Batzar horietan Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa Ramon Etxezarretak beren hizkuntza politikaren bertuteak erakutsi zizkien Europako ordezkariei, eta berdin-berdin Europar Batasuneko kultura eta hizkuntzen arduradunekin egoteko Bruselara egindako bidaian. Europako ordezkarien aurrean Donostia eta Gipuzkoaren ustezko elebitasunean indar berezia egina zuen. Diskurtsoetatik harago ordea zein da orain arte beraien eguneroko praktika? Horretaz jardungo ote ziren?
Etxezarretaren jardunean, gaur arte behintzat, itxurakeria eta herri euskaldunaren egoera errealaren ukazioa dira nagusi. «Hitzen hiria» egitasmoaren aurkezpenean ez zituen aipatu euskaraz bizi den herria asimilatzeko bidean PSE-EEk eta PPk erdietsitako akordioaren ondorio politikoak. Ez zuen aipatu ezta ere, Gipuzkoako gizartean bezala, euskal gizartean ere, elebidunak garen bakarrak euskaldunok garela. Erdaldunak ez dira elebidunak, administrazioak ez dira elebidunak, herritarrok ezin dugu euskaraz bizi eta Jaurlaritzak ustezko elebitasun egoera, errealitatearekin zerikusirik ez duen elebitasun idiliko batean irudikatzen du. Lurralde bereko bi hizkuntzen bizikidetza liskarren iturri baino aberastasun gisa ikusi beharra dagoela esan zuen, «ondokoarekiko errespetuan oinarritutako hizkuntzarekiko atxikimendua aldarrikatu behar dugula» gehituz. Zeini zuzenduak dira, ordea, horrelako mezuak? Asimilazio prozesuak euskal komunitatea osoki elebidun izatera bideratu du urte luzez. Ondorioz, euskaldunak egin behar izan dio uko bere bizinahiari, Etxezarretak oraindik aldarrikatzen duen ondokoarekiko errespetuaren izenean. Beraz utzi behingoz euskal komunitatea zamatzeari, eta eragin erdal komunitateak, ondokoarekiko errespetuz bada ere, euskara ikas dezan.
«Balio linguistikoa argudiotzat erabiltzen duen indarkeria armatua duen lurralde batean bizi garela» ozen aldarrikatu du Etxezarretak. Berak jakingo du zergatik sartzen duen elementu hori eztabaidan, baina ulertzen ote du herri euskalduna dela egunerokoan desarmatuta dagoena erdal elebakarren diktadurapean? Ulertzen ote du inguru oso armatu baten etengabeko erasoaldian bizi garela egunerokoan euskaraz bizi nahi dugunok? Paradoxikoa irudituko zaio Etxezarretari baina herri euskalduna da jokabide berriez armatzeko premian dagoena eta erdal komunitatea, berriz, desarmatze prozesua abian jarri behar duena.
Jaurlaritzako gobernu berria kontrako bidea ari da elikatzen, erdal komunitatearen etengabeko armatze prozesua elikatzen dihardu-eta. Asteon onartu du Eusko Legebiltzarrak Hezkuntzako hizkuntza nagusia euskara zela zioen dekretua bertan behera geratzea babesten duen ebazpena, gurasoek beren seme-alabek hezkuntzan izango duten hizkuntza nagusia aukeratzeko ustezko eskubide delako baten pean azpiratuta. Matrikulazio datuek euskal gizarteak euskalduntzea bermatzea nahi duela erakusten dute dudarik gabe (A ereduaren alde %5a baino ez da agertu). Baina hala ere, eskubideak zapalduz eta gizartearen benetako nahiari bizkarra emanaz euskaldun eleanitzak sortzeko helburuari uko egingo dion proposamena jarri nahi dute abian.
Bestetik azken asteotan onartu du Eusko Legebiltzarrak euskarak oposizioetan duen balioa gutxitzeko ebazpena. Horien artean azpimarratzekoa da Osakidetzan eta Ertzaintzan gertatzen ari dena. Osakidetzako Euskara Plana ez da bete bere zuzendaritzetako «motibazio eta ekimen faltagatik», ebaluazio txostenak agertzen duen bezala. Osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubiderik ez zaigu bermatzen euskaldunoi; guk ez dugu hizkuntza aukeratzeko eskubiderik. Gainera, profesional euskaldunen areagotzea oztopatzera datoz Jaurlaritzaren neurriak. Berdin-berdina gertatzen da Ertzaintzarekin eta bere euskalduntze planaren porrotarekin. Ertzaintza ez da euskalduna, baina Rodolfo Ares sailburuari ez zaio askorik axola, haren ustez «bikain moldatzen baitzaio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoari».
Azken finean herri euskaldunaren menpekotasun egoera oinarri duen bizikidetza ezarri nahi digu Jaurlaritza berriak (lehengoek disimulatu egiten zuten, hauek hori ere ez). Ez dira kontu berriak herri euskaldunarentzat, urte luzetan bigarren mailan bizitzera kondenatu gaituzte geure lurrean bertan, menpekotasun egoera hau normaltasunez bizitzeraino heldu garelarik. Egoera okerrean egonagatik bizirik irautea lortu du herri euskaldunak. Baina beharbada heldu da ilunpetik, ezkututik irteteko garaia. Gure konplexuak alde batera utzi eta jabetze, armatze prozesu bat abian jartzekoa. Animatzen armariotik ateratzera?
Merezi duela diote probatu dutenek.