GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Bost bikote lehiatuko dira Binakako Txapelketan

Aurten zozketa bidez erabaki dituzte bikoak, eta pilotariek ez dute gogo onez hartu erabaki hori.

p039_f01_24828.jpg

Jon LEUNDA

Bost bikote izango dira martxoaren 14an hasi eta apirilaren 25ean amaituko den Binakako Berezkoen Txapelketan. Aurtengo berritasuna, bikoak zehazteko modua izan da, lehen aldiz egin baita zozketa bidez, nahiz eta horrek pilotariei ez dien grazia handirik egin.

Baionan egin zuten aurkezpena, eta bikoteen zozketa izan zen hitzorduaren muina, oraindik egutegia erabat zehazteko baitago. Bikoak honela geratuko dira: Ibarrola-Ducassou, Sorhuet-Ozafrain, Waltari-Etxeto, Etxeberri-Ezkurra eta Bielle-Harizmendi.

Lehen fasea ligaxka moduan jokatuko da, denak denen aurka, eta bi onenek finala jokatuko dute. Azken partida hori, betiko moduan, Baionan jokatuko da Moderne trinketean.

Txapelketa honetan izen garrantzitsu batzuk kanpoan geratu dira. Larretxea, Idiart eta Kurutxari, esaterako. Lehen biak lesionatuta daude, eta Larretxearen kasua, gainera nahiko berezia da; izan ere, azkenaldian lesio asko izaten ari baita, eta pilota uztea ere aztertzen ari da. Kurutxari, berriz, aurrekanporaketa bat jokatzen aritu da, baina emaitzak ez dira onak izan eta kanpoan geratu da.

Lehiaketa egiteko erarekin pilotariak ez ziren oso konforme agertu, izan ere, aste eta erdi besterik ez baita geratzen lehia hasteko, eta kirolariek ezin izan dute behar bezala entrenatu, ez baitzekiten laguna zein izango zuten.

Zozketa dela-eta, bitxikeria pare bat ere izan dira. Alde batetik, azken bi urteetako txapeldunak ez dira elkarrekin izango. Ibarrola eta Ozafrain, aurten ez dira bikote, eta elkarrekin, behintzat, ez dute txapelik jantziko. Bestetik, zorteak 2007ko txapeldunak batu nahi izan ditu, eta aurten berriro ere batera izango dira Waltari eta Etxeto. Dudarik gabe, beraiek dira aurtengo faboritoak, nahiz eta Sorhuet-Ozafrain eta Etxeberri-Ezkurra ere oso kontuan hartzekoak diren.

Jaialdia eta desafioa

Txapelketa ez da hasiko asteburu honetan, baina bi hitzordu garrantzitsu izango dira. Bata igandean izango da: 16.00etatik aurrera Irulegi Irratiaren aldeko jaialdia antolatu dute Donapaleun. Lehen partidan Bielle eta Harizmendi arituko dira Alfaroren eta Etxetoren aurka; eta jarraian, berriz, Ibarrola eta Ozafrain, Sorhueten eta Ezkurraren aurka. Bestetik, astelehenean, Donibane Garazin, 17.00etan hasita, Waltarik desafioa jokatuko du. Bera bakarrik, amateurretako Binakako txapeldunen aurka neurtuko da. Ohienart eta Hegiabere izango ditu aurrez aurre Kubako aurrelariak. Hala ere, bera izango da zaleentzat faborito nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo