GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal presoak bakartzeko urrats berriak eman dituzte espetxeetan

Amnistiaren aldeko mugimenduak salatu duenez, azken egunetan euskal preso politikoak bakartzeko «urrats berriak» eman dituzte Estatu espainoleko espetxeetan. Binaka jarri dituzte kartzela askotan. Neurri horiekin Kolektiboa «zatitu eta ezabatu» nahi dutela adierazi zuten.

GARA

Estatu espainoleko 30 espetxe baino gehiagotan azken egunetan euskal preso politikoen aurkako neurri berriak hartu dituztela jakinarazi zuen atzo am- nistiaren aldeko mugimenduak. Azaldu zutenez, presoak «bakartzeko» hartutako neurri berriak dira eta askotan salatu den bezala Kolektiboa «zatitzea eta ezabatzea» da horien helburua.

Amnistiaren aldeko mugimenduaren iritziz, neurri horiek Barne Ministeritza espainoleko ministro Alfredo Perez Rubalca- baren «bulegoetan» erabaki eta zehaztu dira eta euskal presoak «pertsona gisa suntsitzea» dute helburu.

Ildo horretan, asteburu honetan hainbat preso politikori bakartzeen agindua «oso goitik» datorrela esan dietela nabarmendu zuten. Gogoratu dutenez, sakabanaketa politika ere presoak elkarrengandik bereizteko jarri zuten martxan eta azken mugimenduek oraindik helburu horretan «itsututa» daudela erakusten du.

Zigorrak eta modulu aldaketak

Kartzela bakoitzean neurri ezberdinak hartu dituzte euskal preso politikoen bakartzea areagotzeko. Gehienetan moduluz aldatu eta banandu dituzte eta patio orduetan elkar ikustea eragotzi diete. Huelvan adibidez, emakumeen moduluan zeuden hiru euskal presoak banandu egin dituzte elkar ikus ez dezaten.

Kordoban, Foncalenten, Granadan, Valdemoro eta Puerto II-n, esaterako, moduluz aldatu dituzte asteburu honetan eta binaka jarri dituzte.

Soto del Real, Sevilla, Topas, Valladolid, Valentzia eta beste hainbat espetxeetan antzeko egoera dute. Burgos eta Curtisen, berriz, urtarrilean itxialdiak egiteagatik zigorra ezarri eta bakartu egin dituzte.

MINISTERITZAN

Preso politikoen aurkako neurriak «Rubalcabaren bulegoetan» erabaki dituztela eta presoak «pertsona gisa suntsitzea» dutela helburu salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo