GARA > Idatzia > Mundua

Zapataren heriotzagatik jasotako kritikei aurre egin die Castrok

Orlando Zapata disidentea gose greban hil zenetik jasotako kritikei aurre egin zien atzo Fidel Castro buruzagi kubatarrak. Bertako telebistak presoak jaso zuen mediku arretaren inguruko irudiak erakutsi zituen, herrialdearen aurkako «difamazio kanpainari» erantzuteko.

GARA

Fidel Castro buruzagi kubatarrak nazioarteak eta disidentziak Orlando Zapata presoaren heriotza dela-eta bertako Gobernuari egindako kritikei aurre egin zien atzo.

Zapata Tamayok, «kontzientzia preso» estatusa aldarrikatzen zuenak -Amnesty Internationalek halakotzat hartzen zuen-, 85 eguneko gose greba egin ostean hil zen iragan asteartean. Oposizioak hori salatu eta Habanako Gobernuari kritika latzak egin zizkion, Zapata torturatu izana eta haren heriotzaren gaineko erantzukizuna leporatuta.

«Gure herrialdean ez da sekula ere inor torturatu, inoiz ez da aurkari bat hiltzeko agindu, eta inoiz ez zaio herriari gezurrik esan», ziurtatu zuen Kubako presidente ohi eta Alderdi Komunistako idazkari nagusi denak hedabide ofizialetan argitaratutako artikulu batean.

Era berean, Luiz Inacio Lula Da Silva presidente brasildarra ere defendatu zuen Castrok, Habanara eginiko azken bidaian Zapataren aferan ez ikusiarena egin duela diotenen aurka.

«Haren [Da Silvaren] ospeari inbidia dioten batzuek eta, are okerrago, inperioaren [AEBen] esanetara daudenek Kubara eginiko bisita gaitzetsi dute. Horretarako, duela mende erditik Kubaren aurka erabiltzen diren gezur zitalak erabili dituzte», azaldu zuen Castrok.

«Difamazio kanpaina»

Estatuko telebistak, gainera, aferaren inguruko erreportaje zabal bat eman zuen atzo. Bertan, «kontrairaultzaileei» Zapatak hil aurretik jasotako mediku arreta ezkutatzeko «difamazio kanpaina» egin izana leporatu zieten.

Argitaratutako informazioaren arabera, medikuek «erabateko zorroztasunez» artatu zuten 2003tik espetxean zegoen disidentea.

Aipatu erreportajeak erakutsitako irudietan Reyna Tamayo, Zapataren ama, agertzen zen medikuei eskerrak emanez eta azken horien testigantzak ere jasotzen zituen.

«Orlando Zapataren amak bere semea jasotzen ari zen arreta aipatzen zuten hitzak ez dira ezagutzera eman. Egia horrek ez zion Kubaren aurkako difamazio kanpainari onik egiten», argitu zuen informazioak.

«Bera salbatzeko posible zuten guztia egiten ari zirela azaldu ziguten (...) amaierara arte borroka egingo dutela, baina egoera larria da, larria», esan zuen, erreportajearen arabera, Reyna Tamayok atzemandako telefono dei batean.

Zapata «elikadurari dagokionez, azken belaunaldiko produktuekin» artatu zutela ziurtatu zuen medikuetako batek.

GOSE GREBAK

Espetxean dauden Diosdado Gonzalez eta Eduardo Diaz disidenteek Zapataren heriotzaren ostean hasitako gose greba utzi dutela iragarri zuten atzo. Gutxienez beste bi presok eta Guillermo Fariñas kazetariak gose greban jarraitzen dutela azaldu zuten disidentziako iturriek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo