Zentsura eta Eliza katoliko integristaren esku-hartzea salatu dituzte Gipuzkoako apaizek
Ez da hain harrigarria, are gutxiago Euskal Herrian eta, pentsa litekeenaren kontra, garai honetan, liburu bat zentsuratu eta liburu-dendetatik kentzea. Oraingoan, zantzu guztien arabera, zentsura lanetan tradizioa duen instituzio baten hierarkiaren, alegia Eliza katolikoaren sektorerik kontserbadorearen presioa dela-eta, PPC argitaletxeak Jose Antonio Pagola teologoaren «Jesus, hurbilketa historikoa» lana liburu-dendetatik erretiratzea erabaki du. Eta ez dirudi argitaletxeak errentagarritasunik ezak horretaratuta hartu duenik erabakia, dagoeneko 60.000 ale salduta zituen-eta. Gipuzkoako apaizak -Donostiako gotzaina ez bezala- ez dira isilik geratu, ordea. Pagolari zuzendutako gutun batean, berak eta beste zenbait teologok jasan duten jazarpena salatzen dute 252 apaizek, eta liburua erretiratzea ez ezik, argitaletxeari liburua erretiratzea nork agindu edo presioa egin dion ezkutatzea ere nabarmentzen dute, Estatu espainoleko Gotzainen Batzarreko zenbait sektoreren sinesgarritasuna zalantzan jarriz.
Eliza espainolaren hierarkiak, Eliza katolikoaren sektore integristenarekin bat, bigarren batailari ekin dio Euskal Herrian.