Top 14
Itxaropenari eusteko azken aukera dute euskal taldeek
Avironek Albi hartuko du Jean Dauguer estadioan, eta Biarritzek, berriz, Toulonen zelaian jokatuko du.
Jon LEUNDA
Avironek eta Biarritzek garrantzi handiko norgehiagokak jokatuko dituzte gaur arratsaldean, eta biek, gainera 14.30ean hasita. Zuri-urdinek mailari eusteko garaipena ezinbestekoa dute, eta Biarritzek ere Ligako final-laurdenetan sartzeko ezin dute punturik galdu.
Avironek etxean Albi, sailkapeneko azkena, hartuko du gaur bazkalostean. Lapurtarrek ezin dute hutsik egin, izan ere gaur galduko balute, datorren urtean Pro 2 Mailan jokatzearekin pentsatzen hasteko moduan izango lirateke.
Irabazita, berriz, eta betiere aurrekoek ez badute irabazten, jaitsieratik ateratzeko moduan izango lirateke. Beraz, gaurko partidaren ostean gauza batzuk argi daitezke. Oso komenigarria litzateke, gainera, irabazteaz gain erasoko puntu gehigarria ere lortzea.
Gajan entrenatzaileak baja asko izango ditu, ordea, gaurko partidarako, eta hortxe egongo da zuri-urdinen arazorik handiena. Linde, Fall, Gower, Bayaud, Lafitte, Deen eta Lagain ez dira jokatzeko moduan, eta horrek buruko min dezente sortzen dizkio lapurtarren entrenatzaileari, hauetako gehienak ohikoak baitira hamabostekoan.
Denak ez dira berri txarrak, ordea, Peyras hamabostekora itzuliko baita bere lesioa gainditu ostean, eta hori oso berri ona da lapurtarrentzat.
Biarritzek ez ditu Avironek dituen arazoak, baina bederatzigarren postuan dago, eta hori zuri-gorrien helburuentzat ez da batere berri ona, izan ere, aurreneko seietan sartzeko ametsa ihes egiten ari zaio.
Gaur Toulonen arituko dira, eta frantziarrak gainditzea ez dute batere samurra izango. Une honetan bosgarren daude, diru asko gastatu dute aurten, eta beraien zaleen aurrean nahiko talde indartsua da.
Horrek, ordea, ez du balio, izan ere, lapurtarrek dirua lehen postu horietan sartzeko gastatu dute, eta horretarako ahalik eta azkarren puntuak batu behar dituzte. Ligako bigarren fasea jokatzeko asmoekin hasi zuten denboraldia, baina gauzak nahiko gaizki egiten ari dira, eta zaleak nahikoa haserretuta dabiltza, ez baitu konfiantzarik ematen, nahiz eta Europako Txapelketan Ligan eman ez duen mailan ari diren.
Gonzalez entrenatzaileak berri onak ditu, eta Traille eta Yachvili hamabostekora itzuliko dira beren lesioak gainditu ostean. Biak dira oso garrantzitsuak talde lapurtarrean, eta bien falta dezente nabaritu dute. Talde batek entsegu asko egiten ez dituenean, jaurtitzaile on bat izatea beharrezkoa da; eta horixe eskuratuko dute lapurtarrek Dimitri Yachviliren itzulerarekin, bere faltan alde horretan ere nahiko ahul aritu baitira.