GARA > Idatzia > Kultura

Ahoz Aho Jaialdia hasiko da gaur, Ordizian, eta ekitaldi ugari izango dira martxoaren 18ra arte

GARA | ORDIZIA

Ordiziak Ahoz Aho Jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko du gaur hasi eta datorren martxoaren 18ra bitartean, ekitaldiz beteriko egitarauarekin. Ahozko tradizioko kontakizunak, literatura narrazioak, joko eszenikoa, poema musikatuak, deklamatutako bertsoak, magia eta nazioarteko ipuin eta kondairak haur eta helduentzat munduko aktore eta ipuin-kontalariek aurkeztuta izango dira, besteak beste.

Horrela, gaur, Kandelen Argipean taldeak «El oraculo del cuento» lana aurkeztuko du Plaza Nagusian 19.00etan hasita. Martxoaren 11n, Ixabel Millet ipuin kontalaria arituko da Urdaneta ikastetxean, 10.00etan, eta Jakintza ikastolan, 11.15ean.

Partaidetza zabala

Halaber, martxoaren 12an, Kandelen Argipean taldeak ipuin kontaketak eskainiko ditu Urdaneta ikastetxean 10.00etan eta Jakintza Ikastolan 11.15ean. Gainera, gaueko 22.15ean, Ahozkotasunaren Jaialdi Handia izeneko saioa izango da Herri Antzokian, Antonio Gonzalez Beltran (Valentzia), Mercedes Carrion (Peru), Jhon Ardila (Kolonbia), Ana Torrellas (Venezuela), Ana Cristina Herreros (Madril), Jerman Argueta (Mexiko), Ixabel Millet (Euskal Herria), Kandelen Argipean (Euskal Herria) eta Iñaki Carreteroren (Euskal Herria) partaidetzarekin.

Hurrengo egunean, ipuin kontaketak izango dira Barrena kultur etxean, 18.00etan hasita, Mercedes Carrionen eta Jerman Arguetarekin; martxoaren 14an, aldiz, toki berean, Ana Torrellas eta Mariano Martinez izango dira ipuin kontaketen protagonistak, 12.00etatik aurrera. Martxoaren 15etik 18ra arte, gurasoentzako ipuin ikastaroa izango da Barrena kultur etxean, «Zergatik, zer eta nola kontatu ipuinak haurrei» izenburupean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo