GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Areto futbola Ohorezko Maila

Azken boladako gorakada baieztatu behar du MRA Navarrak Pintoren kiroldegian

p040_f02_28505.jpg

J.L.

Denboraldiko unerik onenean dago MRA Navarra, eta hori baieztatzeko azkeneko emaitzei begirada bat botatzea besterik ez dago. Joko aldetik ere ongi dabiltza, eta hori guztia baieztatu egin behar dute gaur Madrilen, Pintoren kiroldegian, izan ere madrildarrek ia maila galduta dute.

Azkeneko emaitzak bikainak izan dira, eta espainiarren hiriburura egindako azkeneko bisitan, pasa den larunbatean, garrantzi handiko berdinketa lortu zuten Inter Movistar handiaren aurka. Berdeek denboraldi hasiera kaskarra izan zuten, jaitsierako postuetan ere egon ziren, baina lesioak ere ugari izan zituzten, eta denak jokatzeko prest jarri direnean heldu da berdeen mailarik onena.

Irurtzungoek Ligako final-laurdenak jokatzeko postuak hiru puntura dituzte, eta hor sartu nahi badute ezin dute hutsik egin, denboraldi osoan zehar etxean partidarik irabazi ez duen talde baten aurka. Hori Imanol Arregik badaki, eta horretara doazela adierazi zuen nafarren entrenatzaileak, baina gauzak dauden bezala, eta ia mailari eusteko aukerarik gabe daudela, Pinto talde arriskutsua izan daitekeela ere esan zuen, galtzeko ezer gutxi baitute.

Osorio izango da nafarrek duten baja bakarra. Min hartuta dago, eta jokatzeko moduan izango ote zen itxaropenik bazegoen ere, azkenean ez da osatu. Linares Lopez, andaluziarra, eta Sanchez Molina, Gaztela Mantxakoa, izango dira 18.30etik aurrera jokatuko den norgehiagoka hau zuzenduko duten bi epaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo