GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko musika erromantikoaren maratoiak Chopin du ardatz

Bilboko «Musika-Música» jaialdiak, 9. edizioa atzo hasi, eta igandea bitarte, Euskalduna jauregia hartuko du. Chopin-en jaiotzaren bigarren mendeurrenean, 1810eko belaunaldia du ardatz aurtengo jaialdiak, eta konposatzaile erromantikoen musika emango du ezagutzera, poloniarraren lanak ez ezik Schumann, Mendelssonh eta Lisztenak ere kontzertuan eskainiz. Hirurogei emanalditik gora izango dira guztira, tartean Chopinek pianorako sortu lan osoa.

p047_f01_250x136.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Joan dn astelehenean bete zen Frederic Chopin (1810eko martxoaren 1a, Polonia- 1849ko urriaren 17a, Estatu frantsesa) jaio zeneko bigarren mendeurrena, eta aurten bederatzigarrenez ospatzen den «Musika-Música» jaialdi erraldoiak poloniarraren musika izango du ardatz -omenaldi andana ditu aurten, Paris eta Varsovian esaterako-, belaunaldi berekoak dituen Robert Schumann (1810eko ekainaren 8a - 1856ko uztailaren 29a, Alemania), Felix Mendelssonh (1809ko otsailaren 3a-1847ko azaroaren 4a, Alemania) eta Franz Liszt (1811ko urriaren 22a, 1886ko uztailaren 31, Hungaria -Austriako Inperioa-) konposatzaileek egindako lanekin batera.

«Musika-música» ekimena egonkortuta dago, eta publiko zabal baten onespena du Bizkaiko hiriburuan (Estatu frantsesean, Nantes hirian burutzen den «Folle journée» jaialdiaren baliokidea dugu). Musika maratoia atzo hasi zen Bilboko Euskalduna jauregian, eta bihar bukatuko da. Tartean hirurogeita bat kontzertu joko dira (sarrerak eskuragarriak dira, 5-12 euro bitartekoak gehienak -kontzertu batzuetarako agortuak dira jada-), eta nazioarteko orkestra eta talde entzutetsuen jarduna jasoko du, Europa osoko bostehun musikari ingururen partaidetzarekin. Egitaraua oparoa da oso, eta bertan ganbera musika, sinfonikoa eta piano lanak nabarmentzen dira.

Egitarau amaiezina

Lehen musika notak atzo eman zituzten Bilboko Koralak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Mendelssohnen «3. Sinfonia» eta «Eskoziarra» jota. Eta azkenak, Claire Desertek emango ditu pianoan, Schumannen piezak jota. Eta tartean, amaigabeko jarduna. Egitarau osoa ezagutu nahi duenak, antolakuntzaren www.bilbao700.com helbidean aurkituko du.

Euskalduna jauregian, lau gunetan banatuko da jaialdia. Batetik Leopardi, Becquer, eta Heine aretoetan, eta bestetik, jendetsuenak izango direnak, Victor Hugo auditoriumean. Parte hartuko duten musikarien artean, batez ere, piano jotzaileak nabarmentzen dira, bai Euskal Herriko, bai nazioarteko izen entzutetsuen jardunarekin (Judith Jauregi, Ivan Martin edo Claire Desert, esaterako).

Zuzendari lanetan, besteak beste, Joan Cabero (Leteica ahots taldea gidatzen), Günter Neuhold -Bilboko Sinfonikoa zuzendutakoa-, Antoni Ros Marba, George Tchitchinadze eta beste asko izango dira. Musikarien artean, pianistak aparte utzita eta batzuk baino ez aipatzearren -bostehundik gora dira!-, Josetxu Obregon, Asier Polo edo Adolfo Gutierrez biolontxelo jotzaileak, Regis Pasquier biolinista edo Gerardo Rifon organista.

Arriaga laukoteaz gain, Cuarteto Casals, Maria Pomianowskak zuzendu Ensemble Zespol poloniar taldea, La Ritirata eta Suggia zein Wanderer hirukoteak ere Euskalduna jauregian izango dira, eta orkestrei dagokionez, Bilboko Orkestra Sinfonikoaz eta Bilboko Koralaz gain, Real Filarmonia de Galicia, Das Neue Orchester germaniar taldea, Chorus Musicus Köln (Christoph Speringek gidatua), Kwame Ryanek zuzenduko duen Akitaniako Orchestre National Bordeaux eta Michel Corboz zuzendari sonatuaren Ensemble Vocal Et Instrumental de Lausanne. Baita Sinfonia Varsovia ere, orain bost urteko jaialdian parte hartu zuena -argazki handian ageri den taldea-, Chopinen jaioterrikoa.

Aipatutako guztiez gain, Lord Byron aretoan eta Valldemossa kioskoan musika kontserbatorio batzuetako kideek joko dute, eta bertaratzea doakoa den arren, beharrezkoa izango da egitarau ofizialeko sarreraren bat izatea, gutxienez egun bereko bi kontzerturena. Zuzeneko hauetan Bilboko Jesus Aranbarri eta Juan Krisostomo Arriaga musika eskolek parte hartu zuten atzo -Barakaldoko eta Bilboko Koral Elkarteko Kontserbatorioak izango dira bihar-, eta Donostiako Musikene zein Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioak ez ezik, Miranda de Ebro (Burgos), Haro (Errioxa), Gijon (Asturias) eta Santander (Kantabria) eta Leon hiriko eta Astorgako (Leon) musika eskolak ere bertan izango dira.

Pianoa baino ez

Aurtengo egitarauan pianoak leku berezia izango du. Eta tartean, Chopinek musika tresna horretarako burutu zituen obra guztiak joko dira Heine aretoan (sarrerak, 5 euroan), guztira hamabost bat ordura iritsita. Poloniarraren sorkuntza kronologikoki hartuta, atzo 1817-1828 arteko obrak jo zituzten, eta gaur eta bihar emango dute segida. Jarduna 10.45ean hasiko da gaur, eta 1828tik 1839ra bitarteko piezak joko dira. Eta bihar, bukatzeko, 1840tik 1849 bitartera osatuak, 10.45ean hasi eta 18.00etan bukatu. Pianoaren aurrean eseriko diren musikariak, Abdel Rahman El Bacha, Anne Queffelec, Philippe Giusiano, Momo Kodama eta Iddo Bar-Shaï izango dira, nazioarteko piano jotzaileak.

Atzo, gainera, Begoña Salinas jaialdiko zuzendariak, «Folle journée» jaialdiko arduradun eta Mirare zigiluko jabe Rene Martin frantziarrarekin batera, Luis Fernando Perez (1978, Madrid) piano jotzaile trebearen «Chopin nocturnes» diskoa aurkeztu zuen (bigarren batek jarraituko dio aurki). Perezek bihar 11.00etan Chopin eta Liszten piezak joko ditu pianoan, Euskalduna jauregiko Leopardi aretoan.

BELTZAK ETA ZURIAK

Aurtengo egitarauan pianoak leku berezia izango du, eta Chopinek musika tresna horretarako burutu zituen obra guztiak joko dira, guztira 15 ordu inguru.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo