GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Irribarrea ezin da galdu

Umorea gutxi lantzen duen herria dela gurea esan ohi da euskaldunoz sarriegi. Dantzaleku bakarra tabernako barra dela edota ligatzea bai baina larrutan egitea ezinezkoa dela esaten den bezalaxe. Hori horrela dela esango duenik izango da ziur, baina Euskal Herriko mitoez harago, eskerrak politikari profesionalek, eragiten duten haserrearekin ultzera bat edo beste sortzeaz gain, irribarrea galtzea ezinezko egiten diguten.

Hala, astebeteren buruan Espainiako presidentea preso politiko guztiak aska ditzatela eskatzen entzun dugu. Hori bai, Kuban. Eta bi egunera, berriz, Euskal Herrian preso politikorik ez dagoela ziurtatzen. Baina Madrildik hobeak iritsi dira, euskal herritarrentzat justizia zantzurik ez duen auzitegi berezitik. Nelson Mandelak ez omen zituen sekula armak hartu! Orain, akaso, historia pixka bat ikasi ostean Bakearen Nobel Saria ken diezaioten eskatuko dute.

Baina urrutira joan gabe, Gipuzkoan ere baditugu Komediaren Kluberako hautagai kaskar ugari. Amaitzen ez diren bide lanetan dabiltzan herrialdeko errepide sareko tarte gehiagotan bidesaria kobratu nahi dute. Hori bai, agindua eman duten horiek Batzar Nagusietara joateagatik ere kobratu egiten dute; eta horien bidesariak nork ordaintzen ditu? Beraiek ala herritarren poltsikoek? Ikurrinaren defentsan ere pareko. Piper-potoa ederki ikusten baita Aldundiaren goialdean.

Lehendakariek, ostera, bestelako maila bat dute, noski. Ez omen zen laguntza berezia izan Euskalteleko presidente Jose Antonio Ardanza helikopteroz ospitalera eramatea. Ez noski, baina bihotzekoak niri joko balit, helikopteroa usaindu ere ez nuela egingo ziur. Baina Lopezena hobea da oraindik. Atzo herritarren galderak erantzuten aritu zen; to galdera: «Zer esango zenioke ikasi nahi ez duen gazte bati?». To erantzuna: «Ikasketak edozein herritarren etorkizunerako giltza dira». Berak ez omen ditu, eta lehendakaria da. Bejondeiola!

Eta bertsotan bezala, onena amaierarako. Gobernu espainolaren Baskongadetako ordezkari Mikel Cabiecesek bota duena: euskal herritarrak indar polizial espainolekin zorretan gaudela azken hamarkadotan bakearen alde egin dutenagatik. Lazkao Txiki lekutan utzi du euskalduntasuna izenean bakarrik duen horrek! Ez daukagu ez patu makala herri honetan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo