GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jose Luis Gallastegi «Jota» LAB-Arrantzako arduraduna

Somalian zer?

 

Bermeoko «Albacan» itsasontziak piraten erasotik ozta-ozta ihes egitea lortu ondoren, beste hiru euskal atunontzi -«Intertuna II», «Intertuna III» eta «Artxanda»- egoera beretik pasatu dira. Albistearekin, euskal atunontzien afera titularretara itzuli da berriro; «Alakrana», «Playa de Bakio» eta antzeko kasuak datozkigu gogora. Ezer baino lehen, gure elkartasuna halako amesgaiztoa bizi izan duten arrantzaleei eta euren senideei.

Egoera latz horien aurrean -are larriagoak bilakatu izan direnak PP, PSE, PSOE eta PNVren jarrera negargarria tarteko-, gure arrantzaleak etxera onik bueltatzeak izan du beti lehentasuna LABentzat ere. Orain, ordea, gogoeta egin beharra dago, arazoari errotik heldu ezean, ez baitira urak baretuko.

Arrain ugari izatea izan daiteke arrazoi inongo kontrolik gabe arrantzatzeko? Euren itsas uretan duten aberastasuna lapurtzen uzten ez dutenak piratak al dira? Orduan, piratak dira Irlanda, Norvegia, Frantzia edo Kanadako gobernuetako arduradunak ere, haien arrantzalekuak babesteaz arduratzen baitira, arrantza ilegala praktikatzen dutenei isunak jarriz. Ez gaitezen engaina. Ez da bidezkoa Somalia bezalako herrialde batek dituen barne arazoez baliatzea arrantza ilegala egiteko.

Gustatu ala ez, munduko kostalde guztietatik 200 miliatik barrurako eremua dagokion herrialdearena da, eta hortik kanpora geratzen dena nazioartekoa. Arrantzatu, arraina dagoen tokian egiten da. Hori horrela izanik, Somaliak ere eskubide osoa du bere eremuetako itsasoa babesteko eta etekina ateratzeko.

2005ean hainbat herrialdetako 800 itsasontzik arrantzatu zuten Somaliako uretan (450 milioi dolarreko diru sarrerak lortu zirela kalkulatzen da) eta bertako arrantzaleentzat sostengu nagusi zen arrain erreserbak nabarmen egin zuen behera. Urte berean, Somaliako ume jaioberrien artean minbizia, ultzera, goragaleak eta malformazio genetikoak diagnostikatu ziren eta gutxienez 300 ume hil ziren. Arrantzarako ez ezik, hondakinen eta produktu erradioaktiboak isurtzeko ere erabiltzen dira Somaliako urak, eta isurketen eraginez azaleko, ahoko eta sabeleko odol isuriak pairatzen hasi dira bertako herritarrak. Informazio hori, ordea, ez zaio iritzi publikoari helarazten, atzean estatu indartsuen interes ekonomikoak eta estrategikoak daudelako.

Militarren esku-hartzearekin, segurtasunaren izenean, arrantzaleentzako itsas espetxeak sortuz eta neurri zapaltzaileen aldeko apustua eginez ez dago arazoa konpontzerik. Azken bi urteetan -lan baldintza gogorren ondorioz- hildako lau arrantzaleetatik bi bihotzekoak jota hil dira; militarrak eta mertzenarioak ez, baina medikuak behar ditugu itsasoan. Eta ikuskariak ere bai, non, zer eta zelan arrantzatzen den kontrolatu eta arrantza ilegala geldiarazteko.

Bere interes ekonomikoengatik arrantzaleen bizia arriskuan jartzeko gai den armadoreak nekez zainduko ditu somaliarren eskubideak. Zergatik ez da Somaliako uretatik ateratako etekinen zati bat herrialdean bertan inbertitzen? Zergatik ez zaie somaliarrei aukera ematen Indonesia, Ghana, Senegal, Boli Kosta, Madagaskar eta Seychelleetako jendeari bezala, gure atunontzietan lan egiteko? Galderak baino, eskaerak dira, euskal armadoreei zuzentzen dizkiegun aldarrikapenak. Borondatea izanez gero, akordioak lortzeko aukerak sortzen dira.

Has gaitezen Indiako Ozeano inguruko gobernu guztiekin arrantzatzeko eskubideak, lizentziak adosten. Zoritxarrez, Euskal Herriko flotari nazio gisa arrantza politika propioa izatea ez zaio sekula onartu, gure arrantza beti izan da Madril, Paris eta EAEko administrazioen arrantza politika desegokiaren menpe. Badakigu subiranotasun nazionala lortu arte gure arrantza politikak erabakitzerik ez dugula izango. Hori lortu bitartean, ordea, dauden aukerez baliatu behar gara, mugatuak izanagatik, beste herrialdeekin adostasunetara iristeko.

Gure arrantzaleen bizia dago jokoan, gure arrantzaleen osasuna eta ogibidea. Defenda dezagun geure arrantza eta egin dezagun apustu arrantza arduratsu eta iraunkorraren alde, munduko itsas uretan dauden arrantzalekuak errespetatuz, arraina gizateriaren ondarea baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo