GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Faraoiaren xixkuak badu arriskurik

 

Labur-laburrean etorri da albistea, eman denean. Izan ere, gizalege arruntean ez litzateke aintzat hartzekoa ere: estatuburu bati egiten zaion ebakuntza txikia, bere aginte betekizunak egun batzuetarako beste norbaiten eskuetan uztera behartzen duena... Baina estatuburu hori egungo munduko saihets minberenetakoa, hau da, Egiptoko Hosni Mubarak (a) Faraoia denean, oso ikuspegi desberdinetik behatzen dira gauzak. Eta 81 urteko lehendakaria, agintean ia 30 urte daramatzana, bere ile beltzaran tindatuarekin, Alemaniara eraman dutenean behazun-xixkutik ebakuntza egiteko, munduko kantzelaritza nagusiak adi-adi ipini dira... lehendik ez bazeuden. Onik atera omen da ebakuntza-gelatik eta, beraz, munduak ez du Ahmed Nazif lehen ministro eta behin-behineko lehendakariaren biografiaren hautsak bat-batean harrotzen hasi behar izan. Baina gomuta hortxe geratu da.

Munduko ahaltsuenen kezka potoloetako bat da oraintxe bertan Hosni Mubaraken oinordekotza. Haren agintearen iraupena, isilka baina bihotzetik (nazioarteko politikak bihotzik badu) desiratu eta lagundutako xedea izan den bezalaxe. Horrexegatik egin ditu 30 urte kasualitatez eskura etorri zitzaion agintean Ofizial Askeen Mugimenduko kide izateko ere gazteegia zen abiadore ilun hark. Errepresioa eta ustelkeria uztartzen dituen formula behin eta berriz aplikatuz. Eta, hori bai, munduan nork agintzen duen beti argi izanda. 1991ko Golkoko Gerran jokatu zuen paper hitsa, edota Irailaren 11koaren ondorengoan jokatzen ari dena gogoratu besterik ez dago.

Baina herrialde arabiarrik handienaz ari gara -ez aberastasunez, bai biztanlez eta itzal kulturalez; eta ezin hasiko gara orain Egiptoren estrategikotasuna deskubritzen-. Eta horrek esan nahi du demokraziak, giza eskubideek eta gisako txantxek beste baterako itxaron behar dutela. Lehen gerra hotzagatik, orain integrismoaren mamuagatik, bihar auskalo zergatik: helburua ez da mundu parte haietan geureak bezalako sistema politikoak eraikitzea, baizik eta geure esanetara egongo direnak agintean mantentzea. Oposizioa kartzelan edukitzea da horretarako errezetarik egokiena, edonork dakienez. Mendebaldeko potentziek Aljerian edota Marokon egiten dutena ulertzea kostatzen zaienei esan ohi diet: «Begira Egiptora! Hori dena han lehenago gertatu da! Han datza laborategia!».

Hosni Mubaraken karrera narrasa baina eraginkorra amaitzear dagoenean, eta haren bigarren seme Gamal-en izena gero eta ozenago aipatzen eta aupatzen denean oinordekotzarako (batez ere egungo ustelkeriatik bazkatzen diren bizkarroien artean), outsider bat agertu da amarruz betetako joko honetan. Mohamed ElBaradei, IAEAko zuzendari orokor izana eta 2005eko Bakearen Nobel saria irabazi zuena, sorterrira itzuli da datorren urteko lehendakaritzarako hauteskundeetan aurkezteko asmoz. Hautagai ona izateko etxetik kanpora urte gehiegi eman dituela esaten diote handik eta hemendik. ElBaradeiren aurka ez baizik aldeko arrazoia dela esango nuke: egungo Egipto txukuntzeko gauza izateko, iragan urteak atzerrian eta kartzelan pasatakoa izan behar du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo