GARA > Idatzia > Euskal Herria

Adrian Donnay atxilotu du Ertzaintzak kale erasoekin lotuta

Adrian Donnay, 21 urteko gasteiztarra, da atzo goizaldean Ertzaintzak Gasteizen atxilotutako laguna. Amnistiaren aldeko mugimenduak «izugarritzat» jotako polizia operazio baten baitan, bizileku duen etxe okupatua miatu zuen Ertzaintzak, bai eta beste etxebizitza eta biltegi bat ere. Joan den irailean tranbiaren geltoki bat eraso izana egozten dio Velasco epaileak.

GARA |

Ertzaintzak Adrian Donnay 21 urteko gasteiztarra atxilotu zuen atzo goizaldean Auzitegi Nazional espainoleko epaile Eloy Velascoren aginduz.

Gasteizeko Aztogile kalean dagoen eraikin okupatuan bizi da Donnay eta eraikina goitik behera miatu zuen Ertzaintzak, bai eta alboan dagoen biltegia eta Gasteizeko beste etxebizitza bat ere. Amnistiaren aldeko mugimenduak salatutakoaren arabera, «dispositibo izugarri» bat ezarri zuen Ertzaintzak Donnay atxilotzeko. Bertan, zazpi furgoneta, sei auto eta Ertzaintzaren eliteko gorputz berezia den Berroziak ere parte hartu zutela dio errepresioaren aurkako mugimenduak.

Dirudienez atxilotua beste hainbat lagunekin Igor Maioraren kontrako epaiketara joatekoa zen eta goizeko bostetan irtetekoak ziren Madrilerantz. Une horretan, ordea, Ertzaintzak Aiztogile kalea «erabat okupatu» zuela dio amnistiaren aldeko mugimenduak, eta kale horretan lan egiten duten tabernari eta banatzaileak goiz osoan zehar ezin izan zutela pasa ere salatu du. Komunikabideei igorritako oharrean gainera, goizean goiz taberna batean gosaltzen zegoen jende guztia kanporatua izan zela kritikatu du.

Eguerdian bukatu zituzten miaketak eta orduan eraman zuten atxilotua polizia-etxera bertaratutako herritarren animo mezuen artean. Errepresioaren aurkako mugimenduak esandakoaren arabera, senide eta abokatuek ez zuten haren berririk jaso eta beraz ez zekiten Donnay inkomunkaturik ote zegoen ala ez.

AHTren aurkako asanbladak eta Gaztetxeak elkartasuna helarazi dio atxilotutako gazteari eta amnistiaren aldeko mugimenduak aldiz, mobilizazioa egin zuen arratsaldean jazotako salatzeko. Gaur ere manifestaldia izango da 20.00tan.

Kale erasoetan parte hartu izana leporatzen diote Donnayri. Zehazki, iazko irailaren 28an tranbiaren geltoki bat molotov koktelekin erasotzea egozten diote.

Polizia iturrien arabera, 2009ko irailaren 28ko gauean Batzar Nagusiak kaleko tranbia geltokiaren kontrako erasoan parte hartu zuen Donnayk.

Erasoa jazo zen gauean bertan Ekaitz Sanmaniego gazte gasteiztarra atxilotu zuen Ertzaintzak eta Auzitegi Nazional espainolera eraman ostean, libre gelditu zen 5.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. Polizia espainolak 34 gazte independentista gatibu hartu zituen operazioan atxilotutako Jagoba Apaolaza gaztea jotzen dute erasoan parte hartu zuen hirugarren pertsona bezala.

«Gasteizen diharduen kaleko terroristen talde bat desegin dugu», nabarmendu zuen Rodolfo Ares Lakuako Herrizaingo sailburua pozik prentsaren aurrean. Halaber, Ertzaintzak «ETAren harrobia pikutara bidaltzeko lanean» jarraituko duela iragarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo