GARA > Idatzia > Kultura

Andra Mari koralak Jose Antonio Arana Martija omenduko du larunbatean Gernika-Lumon

GARA | GERNIKA-LUMO

Andra Mari koralak kontzertu berezia eskainiko du larunbat honetan herriko Lizeo Antzokian, eta bi omenaldi egiteko balioko du: batetik, Jose Antonio Arana Martija omentzeko eta, bestetik, abesbatzaren beraren 30. urtemuga ospatzeko. Kontzertua 20.00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da. Karlos Gorrindo eta Amaia Jauregizar idazle euskaldunek egingo dituzte aurkezpen lanak.

Larunbateko saioarekin Arana Martija omendu nahi da, eta Gernika-Lumoko Udalak eta hainbat kultur elkartek esker ona adierazi nahi diote herriaren alde egindako eta kultur balio handiko lanagatik. Arana Martija Seber Altube ikastolaren eta Segundo Olaeta musika eskolaren bultzatzaile eta Andra Mari koralaren sortzaileetakoa izan zen. Gernika-Lumoko historiari buruz artikulu eta liburu asko argitaratu ditu eta «Egin» eta «Egunkaria»-ren sortzaileetako bat ere izan zen. 1989az geroztik euskaltzaina da, eta Azkue Liburutegiaren sortzailea.

Horregatik «zor zaion omenaldia» eskaini nahi diote Andra Mari koralak, Kultur Etxeak, Gernika-Lumoko euskaltegiak, Segundo Olaeta eta Julia Foruria musika eskolek, Gernikazarrak, Aldabak eta Marijesiek, besteak beste.

Beste alde batetik, Gernika-Lumoko Andra Mari koralak 30 urte bete ditu aurten, eta abesbatzak egindako ibilbidea gogora ekarriko dute larunbateko kontzertu berezian. Hainbat kalitate aitortza eta sari jaso ditu koralak 30 urteotan, hainbat bidaia eta beste herri batzuetako abesbatzekin trukeak egin ditu.

Gernika-Lumoko Kultura zinegotzi Ekain Ormaetxeak ekitaldiaren balioa nabarmendu nahi izan du. «Gernikako kulturgintzak zor dio honelako omenaldi bat Arana Martijari eta erarik onena Andra Mari koralaren saio batekin egitea da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo