EHU eta Eusko Ikaskuntzaren eskutik, euskal narratibari buruzko zikloa
GARA | GASTEIZ
Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzaldi-ziklo bat antolatu dute Gasteizen «Gaurko Euskal Narratiba» gaitzat hartuta.
Guztira lau hitzaldi eskainiko dituzte, denak euskaraz, denbora laburrean ospe handia lortu duten emakumezko lau nobelagilek, hain zuzen, Irati Jimenezek, Katixa Agirrek, Uxue Alberdik eta Ixiar Rozasek.
Antolakuntzako iturriek gaur prentsa ohar batean jakinarazi dutenez, mintzaldiak EHUko Letren Fakultatean izango dira, Gasteizen, gaur hasi eta maiatzaren 19ra bitartean, 10.30ean hasita. Hitzaldietarako sarrera doakoa izango da.
Habitat bila
Irati Jimenez mundakarrak ekingo dio gaur zikloari «Idaztea, nora jakin gabe» izenburuko hitzaldiarekin. Apirilaren 19an izango da hurrengo saioa, Katixa Agirre idazle gasteiztarrak eskainiko duen «Habitat naturalaren bila» mintzaldiarekin. Uxue Alberdik «Aulki-jokoa» nobela hartuko du gaitzat maiatzaren 5ean, eta bukatzeko, Ixiar Rozas lasartear idazleak «Negutegia: ahotsa, hitza eta gorputzaren artean» hitzaldiarekin itxiko du zikloa, maiatzaren 19an.