GARA > Idatzia > Kirolak

MOTOZIKLISMOA Munduko Txapelketa

Efren Vazquez bikain dabil denboraldi aurreko probetan

Gidari bilbotarrak hirugarren denbora onena lortu du Jerezko saio ofizialetan eta Valentzian ere bigarren izan zen. Prestaketa inoiz baino hobeto doa.

GARA | DONOSTIA

Efren Vazquez, Derbi taldeko moto gidari bilbotarra, sekulako maila ematen ari da Munduko Txapelketa hasi aurreko proba eta entrenamenduetan. Izan ere, Errekaldekoak emaitza bikainak lortu ditu azken asteotan Bartzelonan, Valentzian eta Jerezen egindako saio ofizialetan. Maila horri eutsiz gero, aurtengoa denboraldi aparta izan daiteke euskaldunarentzat.

Urrunago joan gabe, atzo bertan amaitu ziren Jerez de la Fronterako zirkuituan hiru egunez egindako entrenamenduetan Vazquezek 125cc mailako hirugarren denbora onena eskuratu zuen: 1.48.496. Eta gainera, bada kontuan hartu beharreko beste datu bat. Euritan egindako itzulietan Vazquez bera izan zen denetan gidaririk azkarrena.

Ez dira emaitza isolatuak. Aurrez Chesteko Ricardo Tormo zirkuituan egindako probetan ere emaitza oso onak lortu zituen Efren Vazquezek. IRTA erakundeak antolatutako saio ofizialetan, eta Munduko Txapelketako gidari gehienak bertan zirela, bilbotarrak bigarren denbora onena lortu zuen (1.40.674), iazko Sari Nagusian lortutako denborak zertxobait hobetuz.

«Beti izaten da pozgarria jarritako helburuak betetzea, eta oraingoz uste baino askoz hobeto gabiltza. Gure erronka aurtengo denboraldia iazkoa amaitu genuen bezalaxe hastea zen, hau da, onenekin borrokan sartuta. Hankak lurrean mantentzea komeni da, baina argi dago aurretik hasten denak gerora ere abantaila izango duela», onartu zuen Herri Torrontegik, Efren Vazquezen laguntzaile eta irakasle nagusiak, Jerezko saioa amaitu bezain laster.

Pixkanaka ikasten

Orain dela hiru urte aurreneko esperientzia izan ostean, aurtengoa osorik jokatuko duen bigarren Munduko Txapelketa izango da Vazquezentzat, eta aurten ere Derbi taldearen kolore gorriarekin arituko da. Zalantzarik gabe, aurreko urteetan ikasitakoa oso baliagarria izango zaio bizkaitarrari aurrera begira borrokan jarraitzeko.

«Aurtengo denboraldi hasiera oso ezberdina izaten ari da aurreko urtearen aldean. Ez dugu ezustekorik izan -iaz Efrenek sufritutako erorikoa gogoratuz- eta azkarrago hobetzea lortu dugu. Oinarri sendoak ditugu, taldea asko indartu delako bai teknologikoki eta bai giza-taldeari dagokionez. Hala ere, beti dago zerbait hobetzeko eta horretan egingo dugu lan azken unera arte», gogoratu zuen Herri Torrontegik.

Aurtengo Munduko Txapelketa datorren apirilaren 11n hasiko da Qatarreko Losail zirkuituan, baina aurrez 125cc mailako gidariek beste aukera bat izango dute motoak bete-betean prestatzeko. Azken entrenamendu horiek ere Jerezen bertan egingo dituzte martxoaren 27tik 29ra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo