GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Arerioarekin bizitzen

Horrela, banan-banan ez, kolektibo moduan ikusten zaituztedanean, orduantxe hartzen dut atsekabea eta amorrua. Baina kolektiboa norbanakoek osatzen dute eta hortik ezinegona, pentsatzen hasiz gero

Ispiluan begiratu eta badakit zein gaitasun, trebezia eta dohain, zein oker, hanka sartze eta zalantza islatzen diren. Beste edonork ispilu aurrean ikusten duen gauza bera azaltzen zait: bere buruaren bila dabilen norbait.

Kalera irten eta beste batzuk topatzen ditut. Antzekotasunak eta ezberdintasunak ditugu. Zaku beretik irten eta ihes egiten dugu, baina denok gara andreak eta andre izateak batzen gaituen legez, gu lakoak ez direnak existitzeak eta horiek kontraposizioz bestelako identitate bat partekatzeak ere batzen gaitu.

Zer ikusten du kontrako horrek, arerioak, azken finean, begiratzen digunean? Berak ezin du ikusi nik ikusten dudan gauza bera, beste zerbait izan behar da ezinbestean, zerbait txarragoa, beheragoko maila bat; bestela, ez geundeke gauden moduan... Eta, o! sorpresa, neure buruak orduan 180 graduko buelta eman eta gizonezkoen ikuspegiak islatzen duenaren isla txarra ikusten du. Zein andrek ez du gutxietsi inoiz, modu inkontziente batean, segundo batez baino ez bada ere, beste andre bat, andre izate hutsagatik? Hain daude ondo finkatuta eskemak, hain dago ondo landuta txiki-txikitatik...

Zapaltzaile eta zapalduen dikotomian bizitzera beharturik gaude. Hori ez da berria. Bizitzaren esparru guztietan gertatzen da hau, baina sexu-genero zapalketak plusa dauka berez. Esparru horietan gehienetan ez dugu ezer partekatzen. Nire koadrilan, esaterako, ez dago polizia edo militarrik; nire herria mapatik borratu nahi dutenek ez naute txikito batzuk hartzera gonbidatzen... nor bere tokian dago.

Baina androk gizonekin batera bizitzera kondenatuta gaude (eta termino hau norbaiti latza suertatzen bazaio, nire arimaren barren-barrenean ez dut sentitzen). Are gehiago, elkar maitatzera behartuta gaude: aita gizonezko bat izan nuen eta iloba gizonezko bat daukat; auzokideak, lankideak, lagunak ere asko gizonezkoak dira, eta batzuk maite ditut. Egunerokotasunean tratu desberdintasun txikiak igartzen badizkiet ere, barkatu egiten ditut, lar larriak ez direlako eta, bestela, azken batean, ezingo nukeelako bizi. Baina jakin dezazuen, hori banan-banan ikusten zaituztegunean baino ez da gertatzen.

Martxoaren 8an hedabide eta «adituen» adierazpenetan «kolektibo» deitu digute, eta normala da, urteko beste 364 egunetan ere aparteko talde moduan tratatuak izaten garelako. Hala ere, biztanleen %51 izanda, badirudi kolektiborik egonez gero, beste %49 horrek osatu beharko lukeela. Horrela, banan-banan ez, baizik eta kolektibo moduan ikusten zaituztedanean, orduantxe hartzen dut atsekabea eta amorrua. Baina kolektiboa norbanakoek osatzen dute eta hortik ezinegona, pentsatzen hasiz gero.

Konturatu zaretenez, ez dut asmorik izan irakurketa politiko edo sozialik egiteko. Lerro hauek bihotza zabaltzeko baliatu nahi izan ditut. Borrokan gaude eta borroka horretan arlo ideologikoa ondo landuta eduki arren, egin beharreko pausoak finkatu arren, arerioarekin bizitzea ez da batere erraza izaten, ondo zehaztutako barrikada baten babesik ez daukagu-eta.

Gizonezkoek begiratzen digutenean zer ikusten ote duten galdetzen diogu geure buruari, baina inoiz pentsatu al duzue zer ikusten dugun guk zuei begiratzen dizuegunean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo