GARA > Idatzia > Ekonomia

Ezker abertzaleak Donostiako Udalaren operazio «ilun eta korapilatsuak» salatu ditu

Epaitegiek Ilunbe aisialdi-zentroaren kudeaketa legez kanpokoa izan zela ebatzi ostean, Udalak 7 milioiko zorra du. Orain, araudia urratuz Garbera merkataritza-gunea handitu nahi duela esan du ezker abertzaleak.

p034_f01_148x88.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostiako ezker abertzaleak Udalak Ilunbe eta Garbera zentroen aferetan egindako kudeaketa «iluna» salatu du prentsa ohar baten bidez. Adierazi duenez, hiriarentzat onuragarriak izango zirela argudiatuta eraiki zituen Udalak bi zentrook duela urte batzuk. Denborak, ordea, «operazio ilun eta korapilatsuak» agerian utzi dituela baieztatu du, eta Udalaren kudeaketak donostiarrei «sekulako zorrak» eragin dizkiela.

1993an Donostiako Udalak Ilunbe zezen-plaza eraikitzeko legez kontrako hirigintza-hitzarmena sinatu zuela gogorarazi du ezker abertzaleak. Era berean, Garbera merkataritza-zentroa eraikitzeko beste hitzarmen bat sinatu zuen Udalak. Ezker abertzaleak dioenez, bi hitzarmenak «operazio ilun eta korapilatsu» baten barruan egin ziren. Hala, denbora igaro ahala irregulartasunak handitu direla eta aurten Donostiako Udalaren kudeaketa «txarra» agerian gelditu dela baieztatu du ezker abertzaleak.

Izan ere, auzitegiek jada ebatzi dute Ilunbeko zezen-plazaren eraikuntza eta kudeaketa legez kanpokoa izan zela eta horren ondorioz Donostiako Udalak Chopera familiari milioiak zor dizkio. Ezker abertzaleak gogor gaitzetsi du Odon Elorza alkatearen kudeaketa «txar eta irregularrak» sortu dituen zorrak eta diru kopuru hori donostiarrek ordaindu behar ote duten galdetu du.

Zehazki, ezker abertzalearen arabera, Ilunbeko irregulartasunen ondorioz Udalak zazpi milioi euroko zorra du. Zorra kitatzeko gainera beste operazio irregular bat hitzartzea erabaki duela salatu du, hain justu, Garbera merkataritza-zentroa zabaltzea, hain zuzen. Egun zentroak legeak gisa honetako guneentzat onartzen duen azalera ia bikoiztu egiten duela baieztatu du ezker abertzaleak. Halarik ere, egungo 36.000 metro koadroko zentroa 54.474 metro koadroko bihurtu nahi dute. Zentzu horretan, «araudia urratuz eta inguruko komertzioei kalte latza eraginez» Garberaren jabeek negozio aparta egin eta Elorzak horren truke zorrak kitatzeko behar dituen zazpi milioiak lortu nahi dituela salatu dute.

Udalak dituen «zuloak estaltzeko» Elorzak horrelako irtenbideak bilatzen jarraituko duela esan du ezker abertzaleak. Esaterako, Donostiako Aste Nagusiko zezenketen kudeaketa berriro Chopero familiari esleitu diotela azaldu du eta Choperotarrek esleipena jada publiko egin dutela ofizialki onartuta egon aurretik, eta esleipena onartu behar zuten talde politikoek horren berri izan gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo