GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

OCDEk krisiaren ondorio luzeak iragarri ditu, baina horiei aurre egiteko errezeta zaharra eskaini

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) hazkunde ekonomikoaren gaineko urteko txostena aurkeztu zuen atzo. Txosten berria, baina egoerari aurre egiteko errezeta zaharra. «Herrialde garatuen klub» horrek aurreikusi duenez, krisiaren ondorioek luze joko dute. Barne produktu gordinak %3,1, galduko ditu, baina ez modu berean herrialde guztietan; Estatu espainolean, esate baterako, %10,6 galduko baititu. Finantza erakunde pribatuek eragindako hondamendia gainditzeko gobernuek dirutza jarri zuten eta orain hainbat herrialdetan finantza erakunde publikoek nabari dituzte ondorioak. OCDEk, kontu publikoen egoera txar horri aurre egiteko, gastu «eraginkorragoa» gomendatzen du, batez ere hezkuntzan eta osasungintzan; beraz, horretan ez da berritzaileegia izan: ez zaio, esaterako, defentsa aipatzea bururatu. Halaber, lanaren eta kapitalaren gaineko fiskalitatea gehiegi ez emendatzea gomendatzen du; hau da, zeharkako zergen bidez, zama nagusia langileen eta egoera larrienean daudenen gainean jartzea. Eta lan merkatuaren erreformak nora jo behar duen ere ez da asmatzen zaila: enpresei kostuak merkatu eta kontratuen baldintzak txartzera. Errezeta zaharra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo