GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Whiski onarekin bustitako rock&roll gauak eskaintzen ditugu gure zuzenekoetan»

p046_f01_194x124.jpg

Gorka Roman «Osman»

The Riff Truckers taldeko ahotsa eta gitarra jotzailea

Rock&rolla sustraietan, country eta blues giroekin aberasten dute beraien musika proposamena Gernikako The Riff Truckers taldeko kideek. “On Route” izeneko iraupen luzeko lehen diskoan, errepidea, furgoneta eta zuzeneko emanaldiak aldarrikatzen dituzte whiski onaren zaporea duten kantuetan.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Azken urte hauetan rock&roll erritmo beroek gora egin dute etengabean Euskal Herriko musika eszena aberats eta anitzean. Ugariak dira gitarra sutsuen babesean musika sortzen ari diren musika bandak, ñabardura eta etiketez beteriko musika mota honetan kalitate handiko diskoak argitaratuz. Hilabete gutxiren barruan argia ikusi duten zenbait diskoen maila handia da: SextySexers («Hero Mantra»), The Hot Dogs («Nothing but a bad day») edota maila undergraund batean Sermond's («Azken bala»). Horiek guztiak hemen, gurean, rock&roll ona egin daitekeela erakusten dute. Rock&rollaren Route 66 errepide ezaguna ere Gernikatik igarotzen da, eta horren adibiderik argiena The Riff Truckers boskotearen «On Route» diskoa dugu. Muxik estudioetan grabaturiko lana da eta autoekoizpenaren bidetik ikusi du argia; diseinu ederreko digi-pack batean taldeak berak sorturiko zortzi kantu sartu dituzte.

Lan berria kalean dela badira hilabete batzuk jada. Nolako harrera izan du orain artean.

Hilabete hauetan jaso dugun harrera oso ona izan da. Diskoa entzun duten asko harrituta geratu dira: ez zuten sinesten Gernikako talde bat egon daitekeela musika horren atzean. Beste alde batetik, gure musika entzuleria zabal batengana irits daitekeela ikusi dugu; zentzu horretan, gazte zein helduen onespena jaso dugu.

Azken boladan bada gurean rock&roll giroen gorakada nabarmen bat. Zein talderen ondoan ikusten duzue zuen burua kontzertu afixa batean.

Orain artean eskaini ditugun emanaldietan oholtza estilo oso ezberdineko musika bandeekin konpartitzeko aukera izan dugu, eta guztien alboan pasa dugu ederki. Hala ere, aukeraketa bat egin behar izango bagenu, beste taldeak haserretu daitezkeen arren, SextySexers eta Audience taldeekin geratzen gara.

Zuzeneko DVDan argi utzi zenuten taldeak kontzertuetan duen indarra. Hori da taldearen jomuga nagusia?

Bai, hori da gure espazio naturala. Taula gainera igotzen garenean oso eroso sentitzen gara, eta emanaldiaren lehen segundotik azken akorderaino biziki gozatzen dugu. Zuk egiten duzun musikak ikuslegoari zerbait transmititzen diola zuzenean ikusteak ez du preziorik.

Rock&rolla duzue sustraietan, baina country giroa ere oso nabarmena da taldearen musikan. Agian horrek ezberdintzen zaituzte beste taldeetatik.

Country, blues eta rock&roll doinuak oso gogokoak ditugu. Horiek dira gure sustraiak. Zentzu horretan, musika beltza ere asko entzuten dugu, eta, azkenean, entzuten duzun guztia eragin bihurtzen da.

«On Route» estudioko grabaketa den arren, rock&roll talde baten aldarria ere bada: furgoneta eta errepidea.

Gure helburua herri eta leku ugaritara gure musika zabaltzea da, eta hori, zuzeneko kontzertuekin lortzen da nagusiki. Diskoaren izenburua estuki lotuta dago biziera horretara, eta hori irudikatu nahi izan dugu argiki.

Oso lan gitarreroa egin duzue, eta errekurtsu askorekin gainera. Gitarra akustikoen parte hartzea ere handia da diskoan, eta horrek ukitu berezia ematen die kantuei.

The Riff Truckers taldeak duen country ukitu hori gitarra akustikoen presentzian oinarritzen da. Disko honetan izan ditugun zenbait lankidetzek gure musika aberastu dute, eta, bide horretan, Audience taldeko Gaizka Isunzak sartu dituen Hammond pianoa eta saxoa aipatzekoak dira. Gitarren indarra aipatzean, berriz, Gotzon Ereñok (The Hibai & The EIB's) egindako ekarpena nabarmendu behar da.

Zortzi kantuen artean bada kantu esanguratsu bat, zuen biziera adierazten duena: «Johnny Whisky». Dagoeneko zuen emanaldietan ereserki bilakatu da.

Kantu hori zuzenean jotzen dugunean, jendearekin harreman berezi bat lortzen dugu. Hasi bezain laster whiskia banatzen dugu ikusleen artean, eta hori topa egiteko erabiltzen dugu, une zirraragarri batzuk sortuz. Kantuaren hitzak, whiskiarekin izan ditugun esperientzietan oinarritzen dira.

Autoekoizpen bidez argitaratu duzuen diskoko zortzi kantuak taldeak sortutakoak dira. Zuzenean bertsiorik jotzen duzue?

Bai. Taldearekin hasi ginenetik ugariak izan dira egin ditugun moldaketak, eta normalean emanaldiz emanaldi bertsioak aldatzen joaten gara. Orain jotzen ditugun kantuen artean Johnny Cashen «Rusty Cage» (sortzez Soundgarden talde estatubatuarrarena da) eta JJ Cale musikariaren «Cocaine» aipa daitezke, baina Pink Floyd taldearen «The Wall», Ben Harper-en «Burn to shine» edota Steppenwolf-en «Born to be wild» kantuak ere jo izan ditugu.

Hurrengo emanaldia gaur bertan izango da, Deustuko txosnagunean. Zer eskainiko duzue bertan?

Dagoeneko eskaini ditugu emanaldi batzuk eta pozik gaude orain arteko aurkezpenekin. SextySexers taldearen alboan eskaini ditugun kontzertuak ahaztezinak izan dira, sekulakoak. Gaur eskainiko duguna, whiski onarekin bustitako rock&roll gaua izango da.

kontzertu gose

«Talde bezala dugun helburua herri eta leku ugaritara gure musika zabaltzea da, eta hori, zuzeneko emanaldiekin lortzen da nagusiki»

Fitxa

Taldea: The Riff Truckers.

Diskoa: «On Route».

Diskoetxea: Autoekoizpena,

www.therifftruckers.com..

Zuzenean: Gaur, txosnak (Deustu).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo