GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Tasio Erkizia Ezker abertzaleko militantea

Larunbatean, Bilbora

Euskal Herriak, bere biziraupena bermatze aldera, euskal hezkuntza sistema nazionala eraiki behar du. Gure nortasuna eta izaera garatzen lagunduko digun eskola propioa izatea ezinbestekoa da. Bizi dugun egoeraren larritasunak erantzun oso bateratu eta zabala eskatzen digu

Euskara desagertu daitekeela esango banu, harridura piztuko nuke. Hil zorian dagoela idatziko banu, ezkortzat joko nindukete. Etorkizunari begira euskarak bizi dituen arriskuak nabarmenduz gero, alarmistatzat hartuko naute. Baina ez da asmakizuna. Munduko aditu askok diote hizkuntza gutxituek, normalizazio plangintza oso serioa egin ezik, irentsiak izateko aukera asko dituztela. Ondorioz, euskarak egoera larria bizi du.

Aspaldiko urteetan Nafarroan UPNk, PSNren laguntzaz, irakaskuntza alorrean euskalduntzearen aurkako hainbat neurri zehatz hartu izan ditu. Azken hilabeteetan berriz, PSOE-PPren esku dagoen Gasteizko Gobernuaren txanda da, presaka euskararen aurkako neurri zehatzak eta arriskugarriak hartzen ari baita. Horiek ukatu arren, bistan da zein helburu lortu nahi duten: euskararen normalizazio prozesua eta hedapena boikotatzea. Eta jakina, gure hizkuntza berreskuratzeko ahaleginak oztopatuz gero, geldo-geldo euskara malda behera doa. Hori bai, guztia «progresismoaren» eta «demokraziaren» izenean. Euskara era «demokratikoan» hil nahi digute.

Nafarroako Administrazioa zein Baskongadetakoa (kontuan izan Ipar Euskal Herrian, Nafarroako hainbat zonaldetan bezala, euskara alegala dela) bide berdina jorratzen ari dira. Lehenik, gurasoen hizkuntza aukerak errespetatu behar direla esanaz, A edo G eredua bultzatzen saiatu dira. Guraso askok euskara baztertzen duen eredua hautatuko zutela uste zuten eta, ondorioz, ziur zeuden «demokratikoki» gaztelera indartuko zutela ikasgeletan. Kanpaina luzea egin dute gurasoak presionatu nahirik. Baina horra, neurri batean behintzat, huts egin dute, herritarrek bizkarra eman baitiete. Gizarteko hainbat sektorek, berriro ere, politikoek ez duten sen ona oso erroturik dutela erakutsi dute.

Hala ere, autonomi erkidego bietan era arbuiagarrian jokatzen dihardute: urteetako ibilbidea kontuan izan gabe; irakasleriarekin edo gurasoekin eztabaidatzeari uko eginaz; azken urteetako neska-mutilen emaitzek merezi duten hausnarketa sakona egitea baztertuz. (Adibidez, Basgondadetako Gobernuaren aginduz egindako azken azterketak zioen D ereduko ikasleen bi herenak ikasten zuela euskara; B ereduko herenak soilik; eta A ereduko inork ez). Alegia, neurriak pedagogian oinarritu beharrean, irizpide politikoei jarraiki hartzen dituzte. Euskararen zentralitatea ekidin ahal izateko ingelesa sartu dute eta, horren aitzakian, gaztelera indartu. Hori gutxi balitz bezala, euskal kulturaren eta herri izaeraren aztarnak birrindu eta curriculuma espainolizatzeko saiakera zuzena egiten ari dira. Frankismo garaian legez, eskola doktrinatzeko erabiltzen dute, Espainian integratzeko lanabes azkar gisara.

Dena den, euskararen normalizazio bideak oztopatzeko, beste hainbat neurri ere badarabiltzate. Hala nola, irakasleen hizkuntz profilak berrikusteko aurreikusitako planak; osasungintzan eta administrazioko hainbat alorretako langileei euskara jakitea ez exijitzeko filosofia; elebitasunaren izenean, eguneroko praktikan, euskaldunok gazteleraz hitz egitera behartzea; eta konturatu ez arren, luzera begira izugarrizko garrantzia duen euskararen «prestigio soziala» gutxitzea eta desitxuratzea.

Lan ideologiko sakona egiten ari dira alor honetan eta luzera begira oso arriskutsua. Edozein hizkuntzak, kalean eta egunerokotasunean erabilia izan dadin, derrigorrezkoa edo prestigio sozial handikoa izan behar du. Hemen, zoritxarrez, euskara ez da derrigorrezkoa egunerokotasunean bizi ahal izateko eta daukan prestigioa galtzear dago. Edo behintzat bide horretan gizartean jazarpen izugarria sufritzen ari da. Besteak beste, euskara inposizioarekin eta politika partidistarekin lotzen dute. Politiko zein kazetari espainolen artean oso arrunta da honelako esaera: «El euskara no se debe imponer». Horrela mintzatuz, entzule edo ikusleari esan nahi zaio noizbait euskara ikastera behartu izan ditugula. Eta hori gezur maltzurra bezain faltsua da. Nola esan dezakete horrelakorik, aski ongi dakitenean lurralde hauetan inposatu diren hizkuntza bakarrak gaztelera eta frantsesa izan direla? Eta ia egunero baztertuak sentiarazten gaituztenak euskaraz bizi nahi dugunak garela?

Hari berdinetik tiraka, euskararen aurka lan zikina egiten ari diren PSOEko zein PP edo UPNko espainiarrak beste hau ere zabaltzen ari dira: «Hay que separar el euskara de la política». Baina, jakina, euskararen aurkako neurriak hartzen dituztenek ez omen dute politikarik egiten, beraien jarrera antieuskalduna kritikatzen dugunok soilik egin ohi dugu politika. Euskara defendatzen dugunok interes politikoen arabera jokatzen dugu; aurkariek ez, itxura denez. Eta gainera, euskaltzale gehienak abertzaleak direnez, aho bete hortz egozten zaie interes partidistaz jokatzen ari direla. Frankismo garaian ere gauza bera gertatzen zen. Esanguratsua da gero, historia nola errepikatzen den ikustea!

Bistan da, euskara ezin da erabili alderdien arteko lehian. Ez da sigla baten edo besteren patrimonioa. Baina, garbi eduki dezagun, gure hizkuntza ez da ezer Euskal Herririk gabe, beraz euskararen berreskurapena herri baten izaera eta nortasunari hertsiki loturik dago. Euskalduna izateak ematen digun harrotasuna berreskuratu behar dugu. «Euskalduna naiz eta harro nago», zioen Negu Gorriak taldearen kantak.

Bihar, martxoak 13, hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon. Euskal Herriak, bere biziraupena bermatze aldera, euskal hezkuntza sistema nazionala eraiki behar du. Gure nortasuna eta izaera garatzen lagunduko digun eskola propioa izatea ezinbestekoa da. Bizi dugun egoeraren larritasunak erantzun oso bateratu eta zabala eskatzen digu: hezkuntza alorreko eragile guztien atxikimendua, sindikatu zein alderdi abertzaleen parte hartzea eta eragile sozialen protagonismo zuzena. Ezin da huts egin, euskararen eta hezkuntza esparruaren egoera kezkagarria da. Bihar berandu izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo