GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Arturo erregearen legenda zinemara eramango du Guy Ritchie zuzendari britainiarrak

Arturo erregearen eta mahai biribileko zaldunen legenda zinema aretoetan izango da datozen hilabeteotan Guy Ritchie zuzendariak eta «Trainspoting» filmeko gidoigile John Hodgek egindako egokitzapenari esker.

GARA | LONDRES

Guy Ritchiek, «Lock and Stock» film ezagunaren egileak eta Madonna abeslariaren senar ohiak, dagoeneko sinatu ditu egitasmoa aurrera eramateko akordioak Warner Bross etxearekin, «The Independent» egunkari britainiarrak atzo jakinarazi zuenez.

Badirudi zuzendaria Britainia Handiko ikonoen egokitzapenak egitera zaletu dela «Sherlock Holmes» lanarekin lortutako arrakastaren ondoren; 344,5 milioi euro eskuratu ditu film horrekin, eta zuzendari errentagarri bilakatu da berriz ere Hollywooden begietara.

Bere film berrian, Ritchie «Le morte d´Artur» erromantze britainiar eta frantsesen bilduman oinarrituko da. 1485ean Thomas Maloryk idatziko lana da eta VI. mendeko istorioetan oinarrituta dago; hau da, erresuma zeltek Britainia Handia inbaditzaile saxoietatik babesten zuten garaian. Erromantze horiek Erdi Aroko ingeles nahiko ulergarrian idatzita daude, Arturo erregearen istorio epikoetan oinarritzen dira eta hainbat erreferentzia egiten dizkiete mahai biribileko zaldun izandako Lanceloti eta Arturo erregearen emazte Ginebra erreginari.

Lehen zatia oinarri

Filma legendaren lehen zatian oinarrituko dela ohartarazi zuten atzo iturri berberek. Hortaz, zaldun guztiak mahai biribilaren inguruan biltzen ziren garaia hartuko du oinarri Ritchiek, horrela atea irekita geratuko delarik etorkizunean film gehiago egin ahal izateko.

Zinemaren historiak legenda honen hainbat egokitzapen eman ditu orain artean; estreinatzen azkena «Arturo Erregea» izan zen, 2004an. Antonie Fuquak zuzendu zuen eta Clive Owen izan zen aktore nagusia.

AURREKARIAK

Zinemaren historiak legenda honen hainbat egokitzapen eman ditu; estreinatzen azkena «Arturo Erregea» izan zen, 2004an. Antoine Fuquak zuzendu zuen eta Clive Owen izan zen aktore nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo