GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | EAE-ko eskola jantokietako greba

«Gatazka hau konpondu egin behar da, gurasook ezin dugu egoera hau jasan»

Ogitartekoak eta beste hartu eta Hezkuntza Sailaren egoitzaren atarian bazkaldu zuen atzo guraso, ikasle eta irakasle talde batek Donostian. Eskola publikoetako jantokietako langileek bizi duten gatazka «lehenbailehen» konpon dezala exijitu zioten Lakuari. Era berean, langileen aldarrikapenak babesten dituztela adierazi zuten.

p005_f01_199x116.jpg

Amaia ZURUTUZA

Donostiako eskola publikoetan seme alabak dituzten hainbat guraso, baita ikastetxe horietako irakasle mordo bat ere, Donostiako Hezkuntza Sailaren eraikinaren atarira joan ziren atzo bazkaltzera umeekin batera. 55.000 ume inguruk bazkaltzen dute egunero Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 460 bat eskoletako jantokietan. Atzo, ordea, eta ikasturte honetan hamaikagarrenez, jantokiak hutsik izan ziren 3.500 bat langile aurrera eramaten ari diren borroka dela eta.

«Gatazka hau konpondu egin behar da, lehenbailehen mesedez, gurasook ezin dugu egoera hau jasan». Halaxe zioen grebaren ondorioz bere umea zaintzeko lana tarte batez uzteko baimena eskatu behar izan zuen Donostiako aita batek. Ez zen bakarra izan: milaka guraso daude eguerdian umeekin zer egin asmatu ezinik. «Guraso batek ume talde bat hartzen du, baten edo bestearen etxean bazkaltzen dute, lanean ateratzeko baimena eskatzen du batek, edo jai hartu...», azaldu zuen ama batek. «Gaizki moldatzen gara, oso gaizki. Lana utzi behar izan dut umearekin egoteko eta gero ikastolara eraman eta lanera itzuli behar dut», kontatu zuen laneko arropa soinean zuen aita gazteak.

Hala, Hezkuntza Sailaren egoitzara joan eta «bere eginbeharrak bete ditzan» exijitu zioten. Izan ere, eta Hezkuntza Saileko ordezkariek jantokietako gatazka langileen eta enpresen artekoa dela adierazten badute ere, guraso asko ez daude horrekin ados. «Hezkuntza Saila da guri, gurasooi, zerbitzua eskaintzen diguna», zioen aita batek. «Zuk zerbitzu bat azpikontratatzen baduzu, behar den bezala emateko baldintzak eskatu beharko dizkiozu enpresari», gaineratu zuen ama batek. Hezkuntza Sailari, beraz, gatazka konpontzeko exijitu zioten. Gainera, askoren ustez, bera da arazoa konpontzeko aukera handienak dituena. «Azkenean bera da agintzen duena, ezta?», zioen Donostiako jantoki bateko langile batek.

Konponketa, ordea, negoziazio serio bat hastearekin batera etorriko dela ohartarazi dute behin eta berriz sindikatuek. Zentzu horretan, gurasoek langileen aldarrikapenak babesten dituztela adierazi zuten. «Eskatzen ari direna gurasoentzat ere ona da, baita ikastolentzat ere». Aita batek adierazi zuenez, «gu ez gaude prest langileen aurka jartzeko, beraien aldarrikapenak babesten ditugu guretzat ere, gure umeentzat, hobekuntzak ekarriko dituztelako». Zentzu horretan jantoki bateko langileak gurasoen babesa eskertzen dutela baieztatu zuen. Ez hori bakarrik, jantoki bateko langile batek adierazi zuenez, arazoa konpon dadin gurasoen laguntza oso garrantzitsua da uneotan.

Bilera dute gaur

Bitartean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako kudeaketa zuzeneko jantokietako langileen %83k greba egin zuen atzokoan LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek adierazi zutenez. Era berean, zerbitzua eskaintzen duten enpresek sindikatuak gaurko bilera batera deitu dituztela azaldu zuten. Pasa den astelehenean ere bilkura izan zuten sindikatuek eta patronalak, baina enpresen proposamena langileen aldarrikapenetatik oso urruti zegoela azaldu zuten. Zentzu horretan, gaurkoan patronala bestelako jarrera batekin ager dadila espero dutela azaldu zuten atzo sindikatuek, behingoz «negoziazio serio bat» hasteko eta atzoko greba «azkena izan dadin». Hala ez balitz, ordea, datorren asteko astelehen eta asteazkenean berriro ere greba egin beharko dutela adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo