Top 14
Jaitsieratik kanpo segitzeko lau puntu behar ditu Avironek
Zuri-urdinek, bigarren sailkatua, Clermont, hartuko dute Jean Dauguer zelaian. Biarritzek, aldiz, Katalunian, Perpinyan, jokatu beharko du bere norgehiagoka.
Jon LEUNDA
Avironek eta Biarritzek gaur jokatuko dituzte Top 14 ligako partidak, eta biek sailkapeneko goiko muturrean dauden aurkariak izango dituzte aurrez aurre. Baionakoak etxean arituko dira, 19.00etatik aitzina, Clermonten aurka, eta Biarritz Perpinyan arituko da 20.45etik aurrera.
Avironek norgehiagoka oso zaila izango du, sailkapeneko bigarrena izango baitu aurrez aurrez Jean Dauguer estadioan. Aldiz, zuri-urdinek garaipena beharrezkoa dute jaitsierako postuetatik kanpo jarraitzeko. Frantziarrak bajaz josita datoz, eta hori berri ona da euskaldunentzat, nahiz eta Gajan entrenatzaileak berak ere ezingo dituen Perugini eta Boyaud erabili. Puricelli, berriz, zalantza izango da azkeneko unera bitartean. Deen, berriz, osatu da, eta hasieratik arituko da gaur ilunabarrean.
Biarritzek ere ez du neurketa samurragoa izango, hirugarren sailkatuaren zelaian, Perpinyan, arituko baita. Oraindik lehen seietan sartzeko dituzten aukera apurrei eutsi nahi badiete, garaipena ezinbestekoa dute lapurtarrek; bestela jai izango dute.
Euskaldunek, ordea, baja asko izango dituzte gaurko partidarako, eta deigarriena Yachvilirena da. Min hartuta egon ostean, pasa den astean itzuli zen zelaietara lapurtarren jaurtitzailea, baina asteburu honetarako Frantziako selekzioak deitu du Sei Nazioak jokatzeko.
Yachvilirekin batera, Harinordoki, Frantziarekin, eta Barcella, Lund eta Gobelet, min hartuta, baja izango dira, eta ez dira gaur gauean Katalunia aldean izango.