GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

BINAKAKO TXAPELKETA

Xala eta Zubietaren pilota apurtu egin zen

p029_f03_15848.jpg

GARA | EIBAR

Gauza kuriosoa gertatu zen Eibarko Astelena pilotalekuan atzo goizean egindako material aukeraketan. Xala eta Zubietak aukeratutako lehen pilota, beren hitzetan gustukoen zutena, apurtu egin zen aukeraketa amaitu baino lehen. Aitor Zubietaren ustez, hura zen Gonzalez eta Laskuraini «min gehien» egin ziezaiokeen pilota. Ondorioz, beste pilota bat aukeratu behar izan zuten.

Hala ere, ikuskizunari begiratuta, agian ez da txarra izango gertatutakoa. Izan ere, eta aurreko astean Adarragan atera zuten pilota biziegi hura gogoan hartuta, bazegoen berriz berdina gertatzeko beldurra. Alde horretatik, Sebas Gonzalezek aukeraketa ostean egindako adierazpenek ez dute jendea lasaitzeko gehiegi balio. «Beraien pilotak biziegiak direla iruditzen zait. Ikusi egin beharko da igandean nola erantzuten duten, baina Logroñoko pilotarekin gertatu zena errepikatzeko arriskua badago», esan zuen arduratuta Azkaineko aurrelariak.

Ostiral bete-betea

Gaur arratsean ere, pilota zaleek izango dute non aukeratua. Batetik, Abel Barriolaren berragerpeneko partida jokatuko da Leitzan. Jaialdia 22.00etan hasiko da eta ETBk eskainiko du zuzenean. Barriolak Retegirekin jokatuko du Mikel Idoate debutatu berriaren eta Eulateren kontra.

Bestetik, Bigarren Mailako Binakako Txapelketako bi finalerdiak ere gaur jokatuko dira. Saralegi-Eskudero eta Aritz Lasa-Merino Urretxun neurtuko dira -jaialdia 22.30ean hasiko da- eta Arretxe II.a-Ibai Zabala eta Olazabal-Arruti, berriz, Beasainen -20.00etan hasiko da jaialdia-.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo