GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Josep Maria Pou aktore estimatua Bilboko Arriagan da egunotan, Orson Wellesen azalean

p048_f02_097x092.jpg

GARA | BILBO

Josep Maria Pou aktoreak zinema zuzendari estatubatuarra gorpuztuko du «Su seguro servidor, Orson Welles» antzezlanean, gaurtik igandera bitartean. Richard Francek Wellesen azken urteen inguruan egindako testuan oinarritzen da obra, eta honakoan zuzendaritzaz Esteve Riambau arduratuko da.

Bere urtebetetzearen hurrengo goizean, Orson Wellesek txakurrentzako janarien eta laxanteen iragarkiak grabatuko ditu Los Angelesko estudio batean (AEB), soinu teknikari gazte baten lankidetzarekin. «Citizen Kane» lanaren zuzendaria, zahartua eta fisikoki nekatua, Steven Spielbergen deiaren zain dago, «On Kixote» lanaren moldaketa amaitu ahal izateko. Errealitatearen eta azken itxaropen horren artean borrokan dabilen artean, Wellesek zinearen, antzerkiaren, irratiaren eta magiaren bidez biderkatutako jarduera handiko gertaerak gogora ekarriko ditu. Horixe da egunotan Arriaga Antzokian ikusgai izango den antzerki muntaiaren sinopsia.

Pouren itzulera

Teatre Romean estreinatu zen 2008ko ekainaren 30ean. «Su seguro servidor, Orson Welles» lanarekin, berriro eszenatokian bilduko dira Josep Maria Pou aktore beteranoa paper nagusian eta Javier Beltran interpretari gaztea. «Los chicos de historia» muntaian aritu ziren azken aldiz biak elkarrekin, eta Arriaga Antzokian ikus ahal izan genituen 2009ko apirilaren 30ean. Zuzendari gisa, Joseph Maria Pouk egindako azken lana «La vida por delante» da. Lan horretan Concha Velasco izan zen aktore nagusia, eta Arriaga Antzokira ere gerturatu ziren.

Gaurtik larunbatera egunero 20.00etan ikusi ahal izango da antzezlana. Igandean, 19.00etan. Sarrerak salgai dira, eta 5,60 eta 20 euro arteko prezioak dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo