GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Bi Harriz Lau Xori jaialdiak ekitaldiz beteko du Biarritz

Ander Lipusen «Babiloniako loreak» antzerkia, Elirale konpainiaren «Otto» umeentzako obra, Jon Maia eta Pantxika Telleriaren «Sok 2» azken sorkuntza eta «Itoiz Suite» obra sinfonikoa ikusgai izanen dira Biarritzeko Bi Harriz Lau Xori jaialdian martxoaren 23tik 28ra.

p049_f01_97x68.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Euskal kulturaren aniztasun eta aberastasunaren ispilu izanen da aurten martxoaren 23tik 28ra bitartean Biarritzen iraganen den Bi Harriz Lau Xori jaialdia. Bost egunez, heldu zein haurrentzako antzerki emanaldi, dantza ikuskari, kontzertu eta hitzaldiak aldizkatuz joanen dira.

Jaialdia Ander Lipusen «Babiloniako Loreak» azken lanarekin abiatuko da Les Decouvertes aretoan. Jon Gerediagaren testuan oinarritua, obrak Euskal Herrian entzuten diren mintzaira ezberdinak elkartzen dituela eta bi belaunaldiren irudia ematen duela nabarmentzen du Ander Lipusek.

Lehen obra horrek, aurtengo festibalaren programazioan sorkuntzak daukan garrantzia adierazten du. Egunez egun, umeentzako bi ikusgarri berri azalduko dira. Eliralek sorturiko «Otto» ikuskaria, eta Txomin Heguy eta Iñaki Urtizbereak eginiko «Pello eta Otsoa» musika-ipuin ezagunaren egokitzapena. Azken obra hori larunbat goizean eskainiko dute Les Decouvertes aretoan.

Soka-dantzaren Eguna

Herri Soinulariak Uztaritzeko elkartearekin elkarlanean antolatuta, Soka-dantzaren Eguna ere egingo da larunbatean Biarritzen. Soka-dantza Euskal Herri osoan egin izan den dantza dela kontuan izanik, sei dantza talde bilduko dituzte Biarritzen larunbatean. Hala, talde bakoitzak soka-dantza bere erara eskainiko du herriko karriketan. Arratsaldean, 17.30ean, talde guztiak Kasinoaren aitzinean elkartuko dira ikuskari bat eskaintzeko. Soka-dantzaren Eguna gauean herriko antzokian Kukai konpainiak eta Eliralek eskainiko duten emanaldiarekin amaituko da; elkarrekin sortu duten «Sok 2» ikuskaria aurkeztuko dute.

Igandean, kantu bazkaria egiteaz gain, gaita kontzertua ere izanen da Sainte Eugenie elizan. Bost eguneko jaialdian, bi kontzertu nagusi izanen dira Gare du Midi aretoan: ostiral gauean Vieux Farka Tourek eta Xarnege taldeak joko dute eta larunbat gauean «Itoiz Suite» obra sinfonikoa izanen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo