«Ezusteko handia izan da, ia 3.500 argazkik hartu baitute parte»
argazkilaria
Argazkilari sestaoarrak lehen aldiz hartu du parte argazkilaritza lehiaketa batean. Sona handikoa, gainera: Maria Luisa nazioarteko lehiaketa. Eta pozik da blokeko sailean saria jaso duelako. Irudi saridunak «Argia eta blokea Albarracinen» du izena. Alabaina, Jon Balsera Euskal Herriko eskalatzaile indartsuenetarikoak (Usobiaga, Anda, Maiz...) modelo gisa erabiltzeagatik da ezagun gure artean.
Andoni ARABAOLAZA
Sariak ezustean harrapatu du. Eta ez da harritzekoa, sona handiko Maria Luisa nazioarteko lehiaketara ia 3.500 irudi aurkeztu baitituzte. GARAk eginiko elkarrizketan, argazkilari sestaoarrak sariaz eta bere zaletasunaz hitz egin digu.
Berezko lekua egin duzu eskaladako argazkilaritzan. Nahiz eta Euskal Herrian lan honek ez duen oihartzun handirik, zuk ondo baino hobeto aprobetxatu dituzu izan dituzun aukerak. Zure ibilbidea pixka bat hobeto ezagut dezagun, zure hastapenen berri emango al zeniguke? Nola iritsi zara eskaladako argazkilaritzara?
Nire familian ez zegoen zaletasunik, baina amaren urtebetetze bat zela eta, aitak opari original bat egin nahi izan zion eta reflex kamera bat ekarri zuen etxera. Garai hartan 14 urte nituen eta baneramatzan pare bat urte gurasoen bideokamerarekin liluraturik nire lehenengo irudiak hartzen. Aitaren opariaren ostean, amaren reflexarekin jolasten hasi nintzen eta erabat neure kabuz argazkilaritzaren oinarriak ezagutzen eta kameraren erabilera barneratzen joan nintzen.
2001. urtean lagun handia dudan Urko Nietok eskalada mundura hurbildu ninduen eta handik gutxira mundu horretan murgiltzen hasi nintzen, gehiengoari gertatzen zaion legez. Bitartean, argazkilaritzan sakontzen jarraitu nuen, baina, egia esan, ikasketa praktikoa baino teorikoa izan zen, besteak beste errebelatuak egiteko ia bitartekorik ez nuelako. Aldaketa 2003an etorri zen, aurreztutako sosekin reflex digital bat erosi nuenean. Errebelatuak egiteko gasturik gabe, probak eta praktikak nonahi egiteko aukera izaten hasi nintzen. Une horretan egin zuten topo nire bi zaletasunek.
Zalea zein amateurra zara. Baina profesional izateko grinarik edo gogorik al duzu?
Bere garaian argazkilaritza nire ogibide izateko gogoa izan nuen, baina, zorionez, dudan lanean gustura egonda eta behin argazkilari profesionalen bizimodua hurbiletik ezagututa, gogo horiek desagertuz joan dira. Uste dut argazkilari lanak asko baldintzatuko lukeela nire bizitza. Hots, lanaren esklabo bilakatuko nintzake. Egun, nahi ditudan argazkiak egiten ditut soilik.
Maria Luisa nazioarteko lehiaketa ezagunean parte hartu duzun lehen aldia da, eta aipamen berezi bat jaso duzu. Ez dago batere gaizki, ezta?
Ez nuen aurretik inoiz argazkilaritza lehiaketa batean parte hartu eta, iaz, kasualitatez, sarean izan nuen lehiaketaren berri. 2008. urteko abenduan Albarracinen egindako argazki batzuk motibatu ninduten parte hartzera, ordura arte egindako argazkietatik zertxobait desberdinak zirelako. Azkenean, argazki horietako hiru aukeratu eta parte hartzera animatu nintzen.
Egia esan behar badut, ezusteko handia izan da. Gainera, kontuan hartu behar da 60 herrialdetako ia 3.500 argazkik hartu dutela parte! Antolakuntza bikaina izan da, eta saria jasotzeko Oviedon asteburua pasatzera gonbidatu ninduten.
Gaurko orrialde hauetan, zoritxarrez, saritutako argazkia zuri-beltzez ikusten ari gara. Aitortu behar dizut oso ederra dela, batez ere argiarekin lan bikaina egin duzulako. Aurkeztuko al diguzu labur-labur saritutako argazkia?
Alde batetik, lekua, Albarracin, oso fotogenikoa da. Bertako arroka laranjak eta pinudiek oso giro ederra sortzen dute. Bestetik, erabilitako iluminazio teknika dago; zenbait flashen aldibereko erabilerarekin argi berezia lortu nuen.
Euskal Herriko hainbat eskalatzaile indartsu kamera aurrean izan dituzu. Zer-nolako esperientzia izan da? Modelo horiek ikasi al dute kamera aurrean lana txukun egiten?
Egia esan zorteduna izan naiz. Patxi Usobiaga, Ekaitz Maiz, Irati Anda, Dani Andrada, Daila Ojeda... goi mailako eskalatzaileak ezagutzea eta argazkiak ateratzeko aukera izatea egundoko ohorea izan da.
Zortea diot, aurpegi ezagunak izateaz gain, zailtasun handiko bideak egiten dituztelako. Bi faktore horiek, besteak beste, garrantzia ematen diote argazkiari. Paratzen ondo dakite eta bideak behin eta berriz errepikatzeko prest ere agertzen dira beti.
Eskuarki goi mailako eskalatzaileen argazkiei erreparatzen diegu, baina ziur naiz hain mediatikoak ez diren eskalatzaileen irudi onak ere hartu dituzula.
Nire kasuan, bederen, ez da hori gertatu.
Lleidako hainbat eskalada eskola argazkilarientzat zein nazioarteko goi mailako eskalatzaileentzat epizentro bihurtu dira. Euskal Herriko eskalada guneetatik ere izen handiko eskalatzaileak pasa dira. Alabaina, ez da Lleidan gertatutako giro bera eman. Ez al da une zein aukera hori aprobetxatu? Lleidako giro hori bizitzea gustatuko litzaizuke?
Ez da kasu bera, besteak beste, Katalunian eguraldi hobea dutelako. Ia urte osoan zehar eskalatzeko aukera dute eta denboraldi luzeak pasatzen dituzte bertan, batez ere neguan. Horrexegatik zailtasun handiko bideetan goi mailako eskalatzaileen argazkiak lortzea askoz ere errazagoa da. Ez, mila esker, Euskal Herriko inguru eta eskalatzaileekin nahikoa dut.
Zeintzuk dira eskaladako argazkilaritzari ikusten dizkiozun eragozpen eta alde onak?
Oztopoak ugariak dira, batez ere plano onak hartzeko eskalada bideetatik zintzilikatzea beharrezkoa delako gehienetan. Eta horrek lan eskerga eskatzen du: material gehiago garraiatu, metro mordoa jumareatu beharra, denbora luzean zehar arnesetik zintzilik deseroso egotea...
Alde onak, berriz, gustuko dudana egiteko aukera dudala eta eskuarki lagunez inguratuta ingurune ederretan jarduten dudala.
Eskalatzailearekin batera saioa nola joango den antolatzen al duzu? Edo, berez sorten da?
Normalean bion artean antolatzen dugu. Zintzilikatzeko aukera non dagoen aztertu ondoren, lekua aukeratzen dut eta ondorengoak, normalean, bakarrik datoz kasu gehienetan.
Zorteak garrantzia handia izango du, ezta? Izan ere, ez da gauza bera eskalatzailea bistaz igotzen ari denean argazkiak ateratzea edo landutako bideetan egitea.
Saio gehienak landutako bideetan egin ditugu, eta ez, ez dago zalantzarik bistaz egindako bideetan zortea oso faktore garrantzitsua dela, bigarren kasu horretan pausuak errepikatzeko aukeratik ez baitago.
Ildo beretik segituz, zer sentitzen duzu irudi berezi batek ihes egiten dizunean?
Bide eta aukera berriak sortuko direla.
Zer-nolako garrantzia ematen diozu argazki oinari? Hots, argazki horrek bere baitan duen informazioari?
Niretzat funtsezkoa da. Eskalatzaileak bidea bistaz egin duen, bidearen gradua, protagonista... Informazio hori guztia garrantzitsua da.
Argazkilari profesional askok diote inspirazioa ezinbestekoa dela; hau da, eskaladako argazkilaritzaren eite garrantzitsuenetarikoa dela. Ados al zaude?
Inspirazioa baino gehiago, gakoa lekua, bidea, eguneko unea eta argia aukeratzen jakitea dela uste dut.
Kirol eskaladako argazkiak gero eta berdinagoak dira, ez dute ia inor ezustean harrapatzea lortzen, aspergarriak dira... Iritzi hori askotan irakurri dut. Zein da zure iritzia?
Gauza bera pentsatzen dut; irudi gehienak oso antzekoak dira. Zaila da gauza desberdinak egitea. Baina askotan motibazioa zailtasun hori gainditzeko erronkan aurkitzen dut. Gauza desberdinak lortzen saiatzen naiz argazki teknika berriak erabiliz, perspektiba ezohikoak bilatuz edota postprodukzio lanetan.
Non dago argazki bat ukitzeko muga? Izan ere, eztabaida handia dago auzi honen inguruan.
Argazkiaren erabileraren arabera: ez da gauza bera argazkia berri baterako edo iragarki bat egiteko izatea. Lehenengo kasuan, argazkiaren doitze basikoak soilik ukituko nituzke. Baina bigarren kasuan ez nioke inolako mugarik jarriko argazkia buruan duguna lortu arte ukitzeari. Hori bai, emaitza ona lortzeko, Photoshop edo mota horretako programen ezagutza oso handia izan behar da.
Zure ibilbidean milaka irudi hartu dituzu. Zein da orain arte ateratakoen artean zure argazki kutuna?
«Bihographie» bidean egindako argazkiak dira oroitzapen onenak dakarzkidatenak. Patxi Usobiaga ezagutu eta gutxira Ceusera joan ginen elkarrekin La Sportivarentzat poster bat egiteko enkargua baikenuen. Ezin nuen sinetsi munduko biderik zailenetariko batean zintzilik nengoela munduko eskalatzaile onenetariko bati argazkiak egiten!
Zer adierazi edo erakutsi nahi duzu zure argazkiekin?
Lekuaren edertasuna eta eskalatzaileak bidea gainditzeko behar duen grina.