inprobisatzearen magia, Asier Altunaren kameren eta irudimenaren eskutik
Gaia entzun eta 20-30 segundo ingurura kantuan hasi. Bitarte horretan melodia, errimak eta estruktura poetikoa pentsatu, gaiari eta albokoari erantzun, eta dena inprobisatzen. Prozesu hori guztia azaltzen saiatuko da Asier Altunaren «Bertsolari» dokumentala.
Ane ARRUTI
Bertsolaritzaz zerbait ikasi badezakegu, honakoa da: giza adimena ezinezkoak ziruditen gauzak egiteko gai dela, kontu konplikatuak eta, gainera, inprobisatzen». Ahozko tradizioan aditua den John Miles Folley-ren hitzak dira. Estatubatuar honek 2003an ezagutu zuen «bertsolaritzaren fenomenoa» eta geroztik txundituta aztertzen ditu bere nondik norakoak. Bera da Asier Altuna (Bergara, 1966) zinemagilearen lehenengo dokumentaleko protagonistetako bat. «Bertsolari» da Txintxua Films ekoiztetxearen erronka berria.
«Nire intentzioa pelikula honekin, bertsolaritza zer den erakusteaz gain, jendea hunkitzea, harritzea, sorpresa bat izatea da, bai bertsolaritza ezagutzen duenarentzat eta baita ezer ez dakienarentzat ere», azaldu du Altunak. Bergararrari betidanik gustatu izan zaio bertsolaritza, «hala ere, gaiak sekulako errespetua ematen zidan, nahiko zabala delako eta ez nekielako ondo nola heldu», aitortzen du, baina dagoeneko jarri du makina martxan eta ez du atzera bueltarik. «Txapelketa heldu zen eta, lau urtetik behin izaten denez, ezin genuen pasatzen utzi. Grabatzen hasi ginen eta oraintxe bertan bertsoarekin harrapatuta nago, gehiago grabatzeko gogoarekin».
Bertsolaritza ezagutzen ez duenarentzat zuzenduta egongo da batik bat dokumentala. «Mundu guztiari erakusteko modukoa dela iruditzen zait, konplexurik gabe. Denontzat da garrantzitsua: guretzat, altxor txiki hori erakusteko modukoa delako; ez dakienarentzat, horrelako mugimendu edo diziplina artistiko-kultural interesgarria ez delako egunero ezagutzen». Baina, bertakoak hunkitzea ere lortu nahi du Altunak. «Denetik ukitu nahi dugu: historia, txapelketa, bilakaera, genero aldaketa... denetik. Hori guztia modu erakargarri batean kontatzea da erronka. Informazioa baina gehiago, pelikula bezala balore bat edukitzea nahi dut. Ez izatea erreportaje huts bat. Elkarrizketa batzuk egingo ditut baina esaten dena irudietan islatu nahi dut». Bertsolariaren barne prozesu hori irudikatzeko irudi digitalak erabiltzeko asmoa dauka, «oso bisuala eta potentea egin nahi dut, aldi berean, poetikoa eta hunkitzen duena».
Abenduaren 13ko finalaren aurretik Andoni Egañari segika grabatu zituen dokumentalaren lehenengo irudiak. BECen, berriz, bi kamerekin saiatu zen bertan jazotakoa harrapatzen. «Nire munduan sartuta egon nintzen -oroitu du-. Ez nituen bertsoak entzuten, irudiak ikusten nituen. Baina kanpotik ikusita, kristoren jendetza eta ikuskizun berezia dela konturatu nintzen. Ezberdina baina gustura nengoen, ikusten nuen irudi haiek bazutela mamia». Orain arte grabatutakoarekin hamabi minutuko aurrerapen pilotu bat egin du eta Interneten dago ikusgai (http://vimeo.com/9356906). «Asko gozatu nuen aurrerapen pilotu hau muntatzen, berriro bizitzen duzu momentua. Neure buruari neurria hartu ahal izan diot, ez baitut dokumentalik sekula egin».
Egun hauetan San Frantziskon (AEB) dira, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañak bertako euskal etxe batean daukaten bertso-saioa aitzakia hartuta. «Bisualki oso interesgarria iruditzen zitzaidan horrelako hiri kosmopolita batean bi bertsolari hauek edukitzea. Kontrastea ematen dio hemengo tradiziozko baserri inguru horri. Azkenean, horixe da niretzat bertsolaritza, bien arteko nahasketa bat».
Dena abian badago ere, oraindik finantzazio bila dabiltza, «ezin genuen txapelketa pasatzen utzi eta bidaia hau ere ez. Sekulako apustua egin dugu eta aurrera jarraituko dugu», dio Altunak. Ondo bidean, datorren urteko udazken-negurako zinemetan egotea espero du.