Bernardo Atxaga eta J.C. Perez, Arriagako «Literatura eta musika euskaraz» zikloan
GARA | BILBO
Bilboko Udaleko Euskara Sailak babestuta Arriaga Antzokiaren lankidetzarekin antolatu den «Literatura eta musika euskaraz» programak jarraipena izango du bihar antzokiko foyer-ean, 20.00etatik aurrera, Bernardo Atxaga idazleak eta Juan Carlos Perez musikariak eskainiko duten emanaldiarekin. Saiorako sarrerak agortuta daude jada, antzoki bilbotarreko iturriek atzo jakinarazi zutenez.
Aspaldiko elkar ezagutza
Ekimen honen bidez, euskarazko literaturarik eta musikarik onena helduko da Arriaga Antzokira. Modu horretan, Bilboko Udaleko Euskara Sailak lehenengo aldiz parte hartuko du Arriaga Antzokiaren «Kuartito» programan. Programaren barnean, kontzertu, errezitaldi, eta merienda musikalak eskaintzen dituzte, baita «Literatura eta musika euskaraz» zikloa ere.
Juan Carlos Perez eta Bernardo Atxaga aspaldi hasi ziren elkarrekin lan egiten, hots, Itoiz talde mitikoaren garaian, eta azken urteotan beren arteko elkarlanaren «unerik onena» lortu dutela esan daiteke Arriagatik adierazi dutenez. Oraingoan, «Paradisuaz» aurkeztuko dute elkarrekin, abesti eta poemez osatutako ikuskizuna.