Ondarroako araztegiak kalte ekologikoak sortu dituela salatu du Eguzkik
Padura eta kostaldea urbanizatzea ekarri duela eta bertatik ateratzen den ur zikina itsasora botatzen dela argudiatuta, Eguzkik Ondarroako ur araztegi berria salatu du. Talde ekologistaren esanetan, «arazoak konpontzea» helburu zuen proiektu batek «arazoak baino ez ditu ekarri».
GARA |
Eguzki talde ekologistak Ondarroako Galtzuaran araztegia «hondamendi ekologikoa» dela salatu du. Gogora ekarri du herritarrek denbora luzean itxaron behar izan dutela ibaiko urak garbitzeko araztegi bat egin zezaten. «Azkenean herriak badauka araztegia, baina, pozik baino, kezkatuta gaude, araztegia egiteko prozesua hondamendi ekologiko hutsa izan baita», ohartarazi du Eguzkik.
Talde ekologistaren arabera, pasa den urtearen hasieran zabaldu zen azpiegitura hau egiteko aukeratutako kokapena bera da lehen arazo iturria. Beren hitzetan, jada urbanizatuta zegoen lur eremu bat aukeratu beharrean, eraikin berria kostako bideko haitzetan egitea erabaki zuten, «Kosta Legeak eraikin bat egiteko ezartzen dituen itsasoarekiko distantziak errespetatu gabe eta herrian dugun inguru ederrenetariko bat desitxuratuz».
Horrez gain, ur zikinak garraiatzeko eraiki diren ponpatzeko gune eta hoditeriek ere ondorio latzak dakartzatela adierazi du talde ekologistak: «Ponpatzeko estazioak Alleriko paduran eraiki dira, uren igoera maila eta paduraren babesa kontuan hartu gabe; hoditeriak, ostera, mendiko tuneletatik sartu dira».
Milaka litro ur galdu dira
Modu honetan, jakinarazi dutenez, akuifero bat hustu dute eta milaka litro ur galdu dira, besteak beste, inguruko baserri asko debaldeko ur hornidurarik gabe utziz. «Ur hori laster berreskuratuko zela esan zuten obren arduradunek, baina oraindik orain ez dago ur tantarik», gaineratu dute.
Kokapenaz haratago, Eguzkik salatu du araztegiak hilabeteak daramatzala «ur zikina itsasora botatzen», kostaldera bertaratu den «edonork ikusi dezakeen moduan». «Zergatik gertatzen da hau? Araztegia egiteko egin diren sakrifizio guztien ondoren, zergatik jarraitzen dugu ur zikina itsasora botatzen?», galdegin du talde ekologistak.
Azalpen eske
Aipatutako arazo guztien aurrean, Ondarroako Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Uren Partzuergoko arduradunek azalpenak ematen hasi beharko dutela uste dute, bai eta arazoari irtenbideak jartzen ere.
Halaber araztegi berria aitzakiatzat hartu eta Udalak uraren kudeaketa Uren Partzuergoaren eskuetan utzi duela salatu dute ekologistek: «Herriko ondasun publikoa dena, ura, kanpoko enpresa batek kudeatuko du». Eguzkiko kideek, gainera, susmoa dute erabaki horrek uraren prezioa garestituko duela, «negozioa egin ahal izateko».
Talde ekologistaren aburuz azpiegitura urbanizatutako leku batean kokatu behar zen eta ez kostaldeko haitzetan.