GARA > Idatzia > Ekonomia

«Txori Argi» ontziak piraten eraso batetik ihes egin ahal izan du tiroketa baten ostean

«Txori Argi» Bermeoko atunontziak piraten eraso batetik ihes egin zuen atzo Seychelles uharteetatik gertu ontziko zaintza pribatuko kideen esku hartzeari esker. Patroiaren arabera, ustez arriskurik gabeko zonalde batean zeuden.
p028_f01_148x136.jpg

GARA | BILBO

Bermeon egoitza duen Inpesca enpresa armadoreak jakinarazi duenez, «Txori Argi» atunontzia Seychelles uharteetatik 80 milietara zegoen arrantzan erasoa gertatu zenean. Goizeko hamarrak aldera, segurtasun pribatuko kideek susmagarria iruditu zitzaien itsasontzi bat ikusi zuten zortzi milia ingurura. Atunontziak urruntzeari ekin zionean, bi ontzi arin itsasoratu zituzten piratek eta abiadura handian Bermeoko ontzira hurbiltzen hasi ziren; piratak bi miliara zituztenean, zaintza pribatuko langileek bi tiro bota zituzten ohar modura. Piratek ihes egiten ez zutela ikusita, «Txori Argi» ontzitik tiroka jarraitu zuten, enpresak informatutakoaren arabera segurtasun protokoloak agindutakoa jarraituz betiere. Egoera ikusita, erasotzaileek atunontzia jarraitzeari uztea erabaki eta itsasontzi handira itzuli ziren.

Behin erasoa igarota, Santi Ganboa atunontziko patroiak arrantzaleak dagoeneko «lasaiago» zeudela esan zuen. Hori bai, «beste itsasontzi pirataren bat ikusteko beldurra» zutela onartu zuen.

Ganboak azaldu zuenez, 29 lagunek osatzen dute «Txori Argi» atunontziaren tripulazioa, horietako hiru Euskal Herrikoak dira eta hamalau galiziarrak. Gainontzeko langileak Ghana, Senegal, Seychelles eta Madagaskarrekoak dira.

Leku seguruan zeuden ustez

Bai armadoreak bai patroiak «Txori Argi» ontziak jasandako erasoa ustez segurua den zonalde batean gertatu zela nabarmendu zuten. Ganboak zehaztu zuenez, Seychelleetako Errepublikaren agintepean dago arrantzan ari ziren zonaldea eta «segurua dela suposatzen da». Izan ere, Seychelleetako portuko sarreratik gertu dago. «Gaurkoan ezin izan dugu lan egin eta imajinatu nolako lasaitasunarekin egingo dugun bihar», nabarmendu zuen Ganboak bizi duten egoera hizpide hartuta.

Erasoa eman zen ingurua Somaliako itsasertzetik 630 milia ingurura dago. Hori dela eta, piratak beldurrik ez dutela edota bestela inolako kontrolik ez dagoela uste du Ganboak. Horrez gain, iaz ere piratak inguru berera heldu zirela gogoratu zuen.

Atunontziko patroiak nabarmendu zuenez, zorte handia izan zuten, ontzi susmagarria ikusi zutenean «Txori Argi» ez baitzegoen ez sareak botatzen ez arrantzan. «Geldirik izanez gero, ez genuke maniobratzeko aukerarik izango», azaldu zuen.

Patroi gisa lanean 15 urte badaramatza ere, atzokoa bizi izan duen lehen eraso saiakera dela adierazi zuen Ganboak. Ildo horretan, arrantzan «zaildua» izan arren «alarmekin eta armadunekin» arrantzatzera ohituta ez dagoela onartu zuen.

Ohitu ezinik

Santi Ganboa «Txori Argi» atunontziko patroiak «alarmekin eta armadunekin» arrantzatu behar izatera ohituta ez dagoela onartu du. «Arrantzarekin inolako zerikusirik ez du honek», esan du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo