GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Bazen garaia

Hemen da, azkenean, jendartearen gehiengoaren ustez aspaldi eskubide izan behar zena. Onartu da, behin betiko, Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldia Borondatez Eteteari buruzko Legea. Uztailaren 5ean sartuko da indarrean.

Hori bai ala bai horrela izango den arren, batzuek arazo larriak dituzte garaiak eta pentsamoldeak aldatu egiten direla barneratzeko, are gehiago aldaketen sustatzaileek tarteka garaipena lor dezaketela onartzeko. Hain eskandalizatuta eta suminduta sentitzen dira non ezin dioten kalera atera eta era guztietako ekintzak egiteari utzi, azken kanpaina, kasu, betiere ondarerik preziatuenaren izenean: bizitza.

Ni, ordea, eurek sumintzen naute. Borroka hau galdu dutela jakin arren, ni pertsonalki inondik inora ukitzen ez banaute ere, nahiz eta pozgarria zaidan herritarren gehiengoak argi duela zein jiteko jendeak eman nahi dizkigun lezio moralak, ezin dut hain jarrera eta jarduera hipokritarekin. Bizitzari hainbesteko garrantzia ematen dioten hauek, Estatu erailea eta haurrik gabeko herrialde tristea deskribatuta moral eta kontzientzien hekatonbea iragartzearen zale amorratuek, bizitza hori bera oso era erlatiboan ulertzen dute. Bizitza etengabe eta leku guztietan urratzen baita, sistematikoki ere, erailtzeko modu ugari dago-eta, eta norberak desio ez izateagatik edo egoerari aurre egin ez izateagatik «jaio gabe gizajoa garbitzea» baino askoz ere arrazoi zikinagoengatik; boterea, aberastasuna, inperio grina, kasu. Baina nik ez dut inondik horren aurkako eskandaluz eta suminez bustitako adierazpenik edo manifestaziorik ikusten. Beraz, txundigarria eta, umorez hartu nahi izanez gero, algara ederra egiteko modukoa ere bada bizirik dauden eta izen-deiturak dituzten pertsonen bizitzaz eta ongizateaz, haien eskubideez eta askatasunez batere arduratzen ez direnak halako kalapita sortzea izanik zein izenik ez duen zera mikroskopiko baten etorkizuna babesteko.

Babes hori hizpide izugarrizko adierazpenak egin ditu Elizak, bozeramaile gorenak, eta ezin diot pare bat hemen jartzeko gogoari eutsi, iruzkin beharrik gabe, «bizitzaren aldeko» mugimenduek -ja!- buruan zer duten ezin hobeto erakusten duten heinean; «ez bada ahula defendatzen, jaio gabea, nola pentsatuko dugu bizitzaren beste esparru batzuetan babestua izango dela», edo «jaioko direnen legezko babesean atzerapausoa ez ezik, haurdun dauden amak alde batera uztea ere bada», eta nire gustukoena, «jaiotzeko eskubidea dutenen alde ari gara, gurasoen askatasunaren alde». Harrapa ezan/k!

Jendarteak eredu zaharkitu eta itxian jarrai dezan nahi dutenek, emakumeon eskubideak bigarren mailakotzat dituztenek, familia-eredu bakarrean sinetsi eta besteei horren arabera bizi beharra inposatu nahi dietenek, mundu honetako errealitateari ez beste guztiari begira bizi direla ematen duten guztiek, jai daukate oraingoan. Azken finean, jendartea aspaldi baitago prest legeak ekarriko duena onartzeko. Eta hori horrela, beste askotan gertatu den bezala, naturaltasunez biziko baitugu. Areago, lepoa jokatuko nuke eurek ere, hekatonbe zale amorratu horiek, noizbait egikaritu egingo dutela, bai, lasaitu ederra hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo