GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Arotzena «Ttipi-ttapa» hamabostekariko zuzendaria eta telebistako langile ohia

Guztiaren eta denen beharra dugu «Ttipi-Ttapa»-n, bai noski!

Ezinbertzekoa ez da inor, baina hainbat etxetan hamabortzero sartzen den euskarazko idatzi bakarra «Ttipi-Ttapa» da. Eta horri eutsi nahi diogu, euskararen alde, bai noski, euskararen alde

Ba, bai... Batzuk diruaren beharra dugu bizirauteko (ez aberasteko). Halakoxe mixerableak gara. Ezkontza gehigarrien beharra dugu, moda gehigarriena, kirol, besta, feria eta Eguberrietako gehigarriena, eskualdeko Telefono Gidarena. Iruñeko jauntxoek banatutako diru apurren beharra genuen Ttipi-ttapa telebistan hamaika urtez ahalik eta lan txukunena egiteko. Jakina, langile gehienek bezala, merezi baino soldata ttikiagoren eta lan-ordu gehiagoren truke. Nahi baino errepikapen gehiago eman behar izaten genituen, baliabideek ez zutelako gehiagorako ematen. Baina baten batek soluzio magikoa topatu du: telebista duinago baten alde borrokatu beharrean, edo hori soberazko eskatzea bada, telebista katez aldatu edo itzali beharrean (aspergarria behar du izan publizitatea bertzerik ez duen kate batean hogei errepikapen ikusten egotea), Jauntxoei eskerrak ematea Ttipi-Ttapa Telebista diru laguntza ukatuz itxiarazi zutelako eta langileak, esplotaziotik askatuz, langabeziara bidali zituztelako. Zein euskara aholkulari bikaina galdu duen Sanz jaunak!

Eta aldizkariaz ere zer erran. 30 urte dituen aldizkarian agertzen diren berriak ez omen dira publizitatearen apaingarri bertzerik. Eta berriemaileak? Beharrik bakarren batek begiak ireki dizkien! Borondatetsuak bai, baina tonto hutsak! Hamabostero berriak bilatzen jauntxo bat aberasteko eta albisteak publizitate azpian, hor nonbait, ezin bilatuz ibiltzeko erabiliak. Horien beharra ere badugu. Baita hamabortzero publizitatea sartzea erabakitzen duten denda, ostatu, jatetxe, autonomo eta gainerakoena ere. Horien propaganda behar dugu, ez bakarren batek bertze tokitan (debalde?) egiten digunarena.

Izan ere, beharrik debalde den «Tttipi-Ttapa», bertzenaz de qué? Bortzirietan eta bertze zenbait herritan debalde hartzearen arrazoia Mankomunitatearen eta herriko etxeen diru laguntza da eta horien beharra ere badugu. Baina udalek osorik ordaintzen ez duten herrietako harpidedunak edo eskualdetik kanpokoak, gezurra badirudi ere, urteko saria ordaintzeko prest daude publizitatea bertzerik ez duen aldizkaria etxean hartzeko. 6.000 harpidedun ergel. Eta horien beharra ere badugu. Inori ez baitzaio «Tttipi-Ttapa» harrarazten. Izen-abizenak, helbidea eta telefonoa emanez (ordaindu behar dutenek bankuko datuak ere bai) deitu edo idatzi behar da eta eskatu. Hainbertze publizitaterekin aspertu eta hartu nahi ez duenak erraza du, baja eman eta kitto! Baina denen beharra dugu, bizirauteko eta, gure apaltasunean eta ttikitasunean, ahalik eta aldizkari txukunena eskaintzeko.

Eta, horrez gain, iruditzen zaigu euskarari mesede egiten diola «Ttipi-Ttapa»-k. Ezinbertzekoa ez da inor, baina hainbat etxetan hamabortzero sartzen den euskarazko idatzi bakarra «Ttipi-Ttapa» da. Eta horri eutsi nahi diogu, euskararen alde, bai noski, euskararen alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo